https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eguzkia baino argi distiratsuago batek antzinako eskuizkribuak deszifratzea ahalbidetuko du

Herculano-ko pergamino zahar bat, lurperatutako eta ikaztutako Vesubioko erupzioan. /E. C.
Herculano-ko pergamino zahar bat, lurperatutako eta ikaztutako Vesubioko erupzioan. / E. C.

ANDER RETOLAZA DELGADO

Erresuma Batuko zientzialari batzuek argi-izpi oso distiratsu bat erabili dute 2.000 urte baino gehiago dituen eskuizkribu bat birtualki deszifratzeko. Sinkrotroi Erradiazio Institutu Nazionaleko jakitunak jardun dute berrikuntza honetan eta haien helburua antzinako munduaz gehiago ezagutzea da.

Bi paper erroilu eta lau pasarte erabili dira ekintza honetan, Kristo ondorengo 79.urtekoak direnak. Vesubio sumendiaren erupzio ikaragarriaren ostean ehortzita eta erdi erreta geratu ziren, hau da, oso hauskorrak dira ireki ahal izateko. Honetaz gain, 'Herculanoko papiroak' osatzen dituzte lau pasarte horiek, oraindik jardunean dagoen antzinaroko azken liburutegia dena.

Diamont Light Source instalazioetan ikertu dira dokumentuak, Oxfordshiren, britainiarren sinkrotroi etxetzat ezagutzen dena. Partikulen azeleragailu bat erabili dute, non argi-izpiek zirkuitu itxi batean bidaiatzen duten argi oso distiratsu bat sortzeko.

«Berrikuntzaren helburua zera da: eskaner TAC baten antzera, pertsona baten irudia hartzea, irudi tridimentsional bat alegia, eta pertsonaren organoak ataltzeko gai izatea», azaldu zuen Laurent Chaponek, Diamon Light Sourceko zientzia fisiken zuzendariak.

«(...) Argi oso distiratsu bat erabiltzen dugu pergaminoaren inguruan, jarraian irudi bidimentsionalak lortzeko, dokumentuen atzealdean agertzen direnak. Hortik abiatuta, objektuaren bolumen tridimentsional bat eraikitzen dugu, testua bere osotasunean irakurri ahal izateko», gehitu zuen Chaponek.

Erroiluen tinta identifikatzea oso zaila da, nahiz eta sinkrotroi bat erabili, karbonoan oinarrituta dagoelako, dokumentuen papera bezala. Dena den, tinta dagoen eremuetan paperaren dentsitatea ezberdina izatea espero dute zientzialariek.

Jakitunek ezagutzazko algoritmo bat kalkulatu nahi dute dokumentuak eskaneatzean. Ikusgai diren zonaldeetan erreparatuko dira horretarako eta, aipatutako algoritmoa erabiliz, erroiluen mamia deszifratu nahi dute.

Prozesuan lortzen diren emaitzak Kentuckyko Unibertsitatean ikertuko dira. Bertan, zientzialariek informatika teknikak erabiliko dituzte pergaminoen edukian are gehiago sakontzeko.

Temas

Euskera