https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Egurraren inguruko proiektu eder batzuk ekarriko dituzte BEC-era

Arkitektura eta eraikuntzaren inguruan jarduteko Egurtek Foroa urrian helduko da Bilbao Exhibition Centre-ra, eta aurten parte hartuko duten adituen zerrenda argitara eman dute jada

AMALIA IBARGUTXI

Matusalem izena duen zuhaitz bat bada Kalifornian, Estatu Batuetan. Adituek uste dute 4.700 urte baino gehiago dituela 'Pinus longaeva' motako landare honek. Aurkitutako arbola zaharrenak are gehiago ditu, ia-ia 6.000. Honek esan nahi du Egiptoko piramideen eraikuntza garaiak ezagutu dituztela, eta Europako gerrak, eta beste hainbat estatu eta herrialderen sorrera ere bai. Izan ere, zura da denbora gehien bizi den organismoetako bat. Gehien ustiatutako baliabide naturalen artean ere topatu dezakegu egurra, eta hain zuzen, zura erabiltzen duen arkitektura eta eraikuntzaren inguruan jarduteko foroa udazkenean helduko da Bilbao Exhibition Centrera. Urriaren 18an eta 19an egingo da eta aurtengo Egurtek, Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroa. Prest dago foroko kartelburu izango diren nazioarteko aditu-zerrenda.

Arkitekturaren alorrean ezagunak diren ahotsek jarriko dituzte mahai gainean sektoreko orainaldi eta etorkizuneko erronkak, lanerako teknikak, edota ikerketen emaitzak. Adibidez, Beatriz Bergasa eta Leire Badiola gipuzkoarrek Satie Arkitektoak estudioaren bitartez antolatu dituzten egurraren inguruko egitasmoak elkarbanatuko dituzte entzuleekin, besteak beste, Fos Upategia (Eltziego) eraberritzeko eta handitzeko lanak. Naturaren eta eraikinaren arteko lokarri bilakatu zuten egurra proiektu hartan, estetikoki zein estrukturalki erabiliz materiala. Estatu mailan ezagunak diren Arrokabe estudioko Óscar eta Iván Andrés Quintela anaiak ere izango dira foroan, eta Carmelo Fernández Militino nafarrak Europako hego-mendebaldeko zur laminatuzko egiturarik handiena (etxebizitza batzuk) Hondarribian nola eraiki duen azalduko du.

Hong Kongeko Tszwai So arkitektoak Bielorrusiako Oroitzapenezko Kaperaren egitasmoan izan duen parte-hartzea azalduko du. Londresko iparraldean gauzatutako proiektua da, Txernobyleko hondamendi nuklearraren 30. urteurrenaren harira sortutakoa. Bielorrusiako egurrezko herri-elizen ikerketa lanetan bildutako esperientzien berri ere emango du.

Janne Kantee arkitekto finlandiarrak, aldiz, Hotel Lodge lana ekarriko du, eskandinaviar herrialdeko zurez berreraikitakoa sute baten ondoren. Jatorrizko egiturari jarraiki, zurezko alpetar diseinua du eraikinak, Sierra Nevadan dago, eta era horretako bakarra da bertan.

Lidewij Lenders arkitekto herbeheretarra bere hainbat proiekturen inguruan ariko da. Victor Orive arkitekto londrestarrak, bestalde, The New Lawn proiektua aurkeztuko du. Egitasmoa Forest Green Rovers izeneko Ingalaterrako Bosgarren Mailako futbol-taldearen estadio berria bihurtuko da, eta zurez eraikiko da oso-osorik, klubak bere egindako ekologia-printzipioen arabera. Horrez gain, iraunkortasunari eta ingurumenarekiko begiruneari eusteko baldintza guztiak beteko dituzte eraikitze lanetan.

Programa osatze aldera, zuraren sektorearekin lotutako gaiak eztabaidatzeko jardunaldi teknikoak antolatu dituzte. Besteak beste, 'Basogintzari eta egurraren sektoreari buruzko prestakuntza', 'Baso-bioekonomia' eta 'Zurezko diseinua' saioak egingo dira, 60 bat enpresek osatutako erakusketa-gunearekin batera.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos