https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Egurra Ta Kitto eta Gorpuzkingz taldeen kontzertua, gaur, Jimmy Jazz aretoan

Egurra ta kitto taldeko kideak./Youtube
Egurra ta kitto taldeko kideak. / Youtube

Kontzertua 20:30ean hasiko da, baina aretoko ateak 20:00etatik egongo dira irekita

PAUL PICADO

Egurra Ta Kitto eta Gorpuzkingz taldeen kontzertua izango da ostegunean Jimmy Jazz aretoan. Kontzertua 20:30ean hasiko da, baina aretoko ateak zertxobait lehenago irekiko dituzte, 20:00etan, hain zuzen ere. Sarrerak Interneten (7 euro, kudeaketa-gastuak barne hartuta) edo leihatilan (8 euro) eros daitezke.

Egurra Ta Kitto taldea Azpeitian sortu zen 2008. urtean, eta batik bat ska eta rock estiloak nahasten ditu. Herriko lokal txiki batean hasi ziren entseguak egiten, eta abestiak sortzen denbora eman eta gero, abenduan, lehen kontzertua eman zuten. Euskaraz abesten dute beti, eta lantzen dituzten gaiak Euskal Herriaren zapalkuntza egoera, presoak, tortura, festak, euskara, parranda, maitasuna, sexua eta hipokrisia dira.

2010eko martxoan Urola Kostako presoen aldeko martxarako 'Pausoz pauso' abestia grabatu zutela aprobetxatuz, beste sei abesti ere prestatu zituzten. Horrela, 'Argituko du' izeneko diskoa kaleratu zuten eta, horri esker, hainbat kontzertu eman zituzten. Harrezkero, beste bost disko plazaratu dituzte, eta azkena, '10 urte' izenekoa, taldearen 10. urteurrena ospatzeko izan da.

Bestalde, Gorpuzkingz taldea Hondarribian sortu zen 2016. urtean. 'Euskal Herriko traparen heroiak' gisa dira ezagunak, eta euskaraz abesten den traparen aitzindaritzat hartzen dira. Abestietan kaleko bizipen gogorrak kontatzen dituzte, baina drogez eta armez ere hitz egiten dute. Lehen diskoak, 'Bling bling diruaren hotsa' izenekoak, harrera ona izan zuen, eta 2017an bigarren diskoa grabatu zuten. Taldearen ezaugarri nagusietako bat bere itxura da, izan ere, zapiz, betaurrekoz, kapelez edo mozorroz estalita agertzen dira beti.

Temas

Euskera