https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Egurra ezjakintasunari: euskal basogintzaren balioa erakutsiko dute

Astelehenetik hilaren 22ra arte hainbat jarduera daude prestatuta Egurraren Astearen baitan: formakuntza profesionala, egungo hosto-galtzea eragiten duten gaixotasunei buruzko informazioa, erakusketa ibiltaria eta industriako zenbait enpresak ateak irekiko dituzte ekoizpen prozesuak erakusteko, besteak beste

AMALIA IBARGUTXI

Euskal basogintza eta egurgintza sektorearen garrantzia nabarmentzeko astea antolatu dute astelehenetik hilaren 22ra arte. Hainbat jarduera daude prestatuta, eta tartean, Egurraren Astearen aurreko hiru edizioetan bezala, profesionalei zuzendutako jardunaldia. Aurten, intsinis pinuaren osasuna kaltetzen duen onddoek eragindako izurritearen inguruan egingo dute BECen. Pinu sailek bizi duten egungo hosto-galtzea eragiten duten gaixotasunei buruzko informazioa eskainiko da, baita prebentziorako proposamenak ere, eta gaixotasunaren kontrola eta nekazaritza ekologikoan erabilitako produktu fitosanitarioekin pinuen gaixotasuna tratatu ahal izateko proposamen desberdinak ere. Formakuntza profesionala ere eskainiko dute, tasazioaren eta baso-pisten inguruan.

Egurraren Astearen xede nagusia biztanleria sektorera hurbiltzea izango da. Euskadiko zuhaiztiek lurraldearen %55 dira, Europar Batasuneko ratio handienetako bat. Zuhaiztien azalera ia bi zati berdinetan banatzen da, hostozabalen (%53,5) eta koniferoen artean (%46,5), erauzketa komertzialen gehiengoa koniferoak direlarik. «Lana eta aberastasuna ere sortzen ditu sektoreak. 18.000 lanpostu inguru eta BPGri %1,5eko ekarpena egiten dio. Sektoreko enpresek bertoko lehengaien alde egiten dute, erabiltzen duten egurraren %70 gure basoetatik dator», esan dute Euskadiko Egurraren Baskegur Elkarte antolatzailetik. «Egurra, Euskadin dugun lehengai garrantzitsuena da, garbia eta agorrezina. Gure jardueraren ziurtatutako kudeaketari esker, mozten diren baino zuhaitz gehiago landatzen direla berma genezake. Basoak berotegi efektuaren gasak arintzeko karbonoaren estolda-zulo onena dira», gaineratu dute.

Astelehenean, urriak 15, ikasleen ingurumen formakuntza-lantegiarekin ekingo diote asteari. Sektorearen balioa irakasteko helburuz, Hernaniko Kutxa Ekogunera joango dira, baso kudeaketan hasi eta egurra produktu ekologiko eta iraunkor desberdinetan bihurtzeko transformazioan bukatu arte.

Berrikuntzak ere izango ditu aurtengo Egurraren Asteak: industriako zenbait enpresak ateak irekiko dituzte ekoizpen prozesuak erakusteko. Muxikako Ebaki enpresak, adibidez, egurrezko pelleta nola ekoizten den erakutsiko du, Smurfit Kappa Nervión-ek papera fabrikatzeko bere instalazioak, eta Maderas de Llodio-n kontratxapatu panelen fabrikazio prozesua ezagutuko dute bertaratzen direnek.

Halaber, Euskadiko egur produkzioa azaltzeko erakusketa ibiltaria ere prestatu dute, egurraren ziklo osoa erakusten duen erakusketa ibiltari berri bat martxan jarriko du Baskegur erakunde antolatzaileak. Tradizionalki Egurraren Astea igande batean bukatzen dute, nahi duenak parte hartu ahal izan dezan jai giroko jardunaldian. Aurten Baskegur Leintz Gatzagako gatzaren egunean izango da.

Erakusketa ibiltaria bisitatzeko aukera izango da. Haurrentzako egurrezko jolas tradizionalak antolatuko dituzte.

Asteartean, urriaren 16an, bisita egingo dute Donostiako Alderdi Eder lorategietara «gure inguruan egiten den egurraren kudeaketa iraunkorreko fase eta produktuak ezagutzeko».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos