https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Egunotan kazetaritza feminista hizpide duen kongresua ospatzen dihardute Bilboko Bilborock aretoan

Bilbon ospatzen den kongresuaren kartela./E. C.
Bilbon ospatzen den kongresuaren kartela. / E. C.

Bertan 20 hedabide baino gehiagotako 150 profesionalek hartuko dute esku

UNAI SARRIUGARTE

Egunotan kazetaritza feminista hizpide duen kongresua ospatzen dihardute Bilboko Bilborock aretoan. Gaur eta bihar jorratzen ari diren jardunaldietan Mexikoko, Portugalgo, Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko kazetariak parte-hartzen dabiltza. Egitasmo honen antolatzaile nagusia Pikara Magazine espainiar aldizkari digitala da, teoria feministaren dibulgatzaile nagusienetakoa dena. Kongresu honetan 20 hedabide baino gehiagotako 150 profesionalek hartuko dute esku.

Lehendabiziko edizioa izango den honetan feminismoa lantzen duten hiru kazetaritza proiektu nagusi aztertuko dituzte: Andra egunkaria, Frida aldizkaria eta Emakunde aldizkaria. Mertxe Arratibel, Maylin Vergara eta Arantzazu Zugasti ibiliko dira hedabide horien xehetasunei buruz hizketan.

Bestalde, Kazetarien Nazioarteko Sareako ordezkaria den Lola Fernandez eta Gaztela eta Leongo Kazetari Feministen Elkarteko kide den Ana Gaiterok, Maite Asensio BERRIAko kazetariarekin mintzaldi bat antolatuko dute. Era berean, Asensiok arratsaldeko beste eztabaida batean esku hartuko du, honako kazetari hauekin batera: Goizalde Landabaso (EITB), Ana Requena (Eldiario.es), Onintza Irureta (Argia), Montserrat Boix (TVE) eta Patricia Simon (La Marea).

Halaber, berri agentzien nondik-norakoak landuko dituzte, Cirenia Celestinok, Cristina P. Fragak eta Maria Sanzek. Era berean, hedabide feministen inguruko adibide arrakastatsuen inguruan mintzatuko dira Klitto!-ko Ana Iruretagoiena, La Poderío-ko Antonia Ceballos Amazonas-eko Carmen Figueiras eta Nazaret Castro eta Pikara-ko Maria Angeles Fernandez.

Bihar, berriz, lau tailer ezberdin ospatuko dituzte. Lehendabizikoak, interneten emakume komunikatzaileen aurka burutzen den bortizkeria izango du hizpide; bigarrenak, berriz, kazetaritza lanbideko zaintzak eta autozaintzak aztertuko ditu. Hirugarrenak, parekidetasunaren erronkaren nondik-norakoak landuko ditu eta azken tailerrak, begirada feminista duen nazioarteko kazetaritzari erreparatuko dio.

Pikara aldizkariko ordezkariek gaineratu dutenez begirada feminista lan eta analisi tresna gisa erabiltzen duten kazetarien eta komunikabideen artean ikasitakoa elkarri ezagutarazteko esparru berri bat ahalbidetu nahi izan dute.

Temas

Euskera