«Baieztatu dut gazteek irakurri egiten dutela eta ondo irakurri ere»
Mungiako idazle eta irakasle ohiak 'Norberak maite duena' obrarengatik eskuratu du saiakerako Euskadi Literatura Saria. Liburuak gazteen irakurzaletasuna jorratzen du
Leire Larrazabal
Asteartea, 17 urria 2023, 13:14
Baditugu aurtengo Euskadi Literatura Sarien irabazleak. Zerrenda osoa. Izen handiak, zalantzarik gabe, eta lan izugarria egin dutenak urte askotan, irakurleon gozamenerako. Hortxe ditugu Arantxa Urretabizkaia, 'Azken etxea' eleberriagatik Euskarazko Literatura Saria jaso duena; Patxi Zubizarreta, 'Zerria' lanagatik Euskarazko Haur eta Gazte Literaturakoa eraman duena; Joseba Larratxe, 'Ni ez naiz Laboa' komikiagatik Literatura Lanaren Ilustrazioarena irabazi duena; Alejandro Morellón, 'El peor escenario posible' liburuagatik Gaztelaniazko Literatura Saria jaso duena; Maialen eta Joxe Mari Berasategi, 'Paradisu' lanagatik Euskarazko Literatura Itzulpenagatik sarituak; Ander Izagirre 'Vuelta al país de Elkano' gaztelaniazko saiakerarik onena idatzi duena, eta Miren Billlelabeitia, 'Norberak maite duena' (Pamiela) nobelagatik Euskarazko Saiakera Saria irabazi duena.
Billelabeitiaren irudian egingo dugu geldialdia. Euskal Filologian lizentziatua, Literatura Unibertsala eta Euskara eta Literatura irakasle bezala aritu da lau hamarkadaz Mungiako institutuan. Irakurketaren plazeraren eta garrantziaren defendatzaile sutsua dugu, izan ere, bere metodologia dialogikoaren bitartez, «klasikoak eguneko gaietara eramatea, gazteekiko hartu-emana izatea eta irakurle gazteen arreta piztea» lortu du. Epaimahaiak 'Norberak maite duena' bere obraren inguruan esan du «estilo dotorea, idazkera jasoa, eta prosa zaindua eta fina» erabiliz sortutako «testu biribila» dela. Eta bera «oso eskertuta» dago, «liburu honek poz handia eman» baitio argitaratu zenetik.
-'Norberak maite duena'k zapuztu egin zuen gazteek irakurtzen ez dutela dioen ohiko iritzia. Zergatik uste duzu zabaldu dela hainbeste gazteek irakurtzen ez dutelako ideia?
-Ez dakit oso ondo baina sarritan entzuten dira halako iritzi errazak datu eta argibideei jaramonik egin gabe. Agian errazagoa da ezkortasunari eustea, gazteei errua botatzea edo aspaldiko garaiak hobeak zirela esatea, eta honelako iritzi zaratatsu deigarriak irakurtzen direnean errepikatzea egia ote diren ala ez baieztatu gabe.
-Baina hor daude datuak, eta zifrek diote hori ez dela horrela. 2019, 2020, 2021 eta 2022ko datuen arabera, 14-18 urte bitarteko gazteak dira gehien irakurtzen dutenak.
-Hori da, irakurzaletasun mailari buruzko datuetan ikus daiteke urtero. Editoreen elkarteko datuak dira eta Kultura Ministeriokoak ere bai. Bestalde, nik eguneroko jardunean eta irakurketa-solasaldietan baieztatu izan dut urte askotan gazteek irakurri egiten dutela eta ondo irakurri ere.
-Eta saritutako lan hori irakurketaz eta irakurleez mintzatzen da...
-Bai, hori da liburu honen bihotza, zein aberatsa eta pozgarria den irakurketa azaldu nahi du. Zer eta zelan irakurri dugun gazteekin. Zelan irakurtzen duten gazteek, zein iritzi dituzten irakurritakoaz eta nola lotzen dituzten irakurritakoak egunero inguruan dutenarekin eta bizi dutenarekin.
Noticias relacionadas
- Lau hamarkada eman dituzu irakaskuntzan, azkar esaten da, eta urte mordo horren ondoren liburu hau argitaratzea erabaki zenuen.
-Hori da, 40 urte eman ditut baina duela hamar urtera arte edo ez nituen hain iritzi kezkagarriak irakurtzen gazteen irakurzaletasun ezaz. Azken urteotan nabaritu dut nolabait aurriritzi horien ugaritasuna eta horri erantzun beharra. Lankide eta senideek ere esaten zidaten sarritan zergatik ez ote nuen nire esperientziaz idazten. Bada, horra…
-Gelara idazleak ekartzen zenituen eta elkarrizketak sortzen ziren euren artean. Batzuen eta besteen iritziak partekatzea aberasgarria zen, ezta?
-Bai, baina ikastetxeetan aspaldidanik egiten den esperientzia da hori, oso emaitza onak ematen dituena. Irakurtzen eta irakurritakoaz solasean jarduten ohitu diren gazteak erraz eta berezkotasunez aritzen dira idazleekin ere, eta hauek gogo onez hartzen dituzte horrelako elkarrizketak. Horrek aberastu ez ezik, bultzatu egiten ditu gazteak gehiago eta hobeto irakurtzen.
Ahozkotasuna landu
-Gazteei hitz egiten utzi behar zaie?
-Noski, baina batzuetan ez gara gelditzen entzutera. Batzuen iritziz horrelako solasaldiak denbora galtze hutsa dira… eta gero esaten dugu ahozkotasuna landu behar dela. Hitz egiteko aukera ematea da kontua, iritziak elkarren artean jartzeko, elkarrizketa aberasteko eta gogoeta sakontzeko. Oso aberasgarria da hori. Asko ikasten dugu horrela, elkarrekin.
-Epaimahaiak hitz potoloak luzatu ditu zure obraren inguruan.
-Bai, eta zer esango dut nik nire bihotzaz… Oso eskertuta nago.
-Espero zenuen saria? Ohorea izan da?
-Egia esan ez nuen espero. Liburu honek poz handia eman dit argitaratu zenetik. Pausoz pauso. Idaztea oso prozesu zoriontsua izan da. Uste nuen ikasle eta gazteei hitza ematea izan zitekeela nik egin nezakeen ekarpena, interesgarrienak eurak emandako iritziak zirela eta iritzi horiek nola garatzen ziren, hots, zelan loratzen zen beraien hizkuntza eta jarioa.
Benetako ohorea da saritua izatea bai, bakarrik ez zaudela ikustea, irakurketaren alde egitea garrantzitsua dela, orrialdeotan hasi dudan gogoeta bidean aurrera egin nezakeela…
-Beharbada ibiliko zara ere zerbait esku artean duzula, zerbait aurreratzerik baduzu?
-Banabil zerbaitetan, bai; irakurketaz eta ahozkotasunaz, irakurketaren emozioaz nerabeekin osatutako esperientziak oinarri direla.