https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Egunero erein

Emakumearen Eguna urte osora eramanda baino ez da benetan aurrera egitea lortuko

Emakume batzuk, Bilboko manifestaldian./E.C.
Emakume batzuk, Bilboko manifestaldian. / E.C.
JOSEBA ARRUTI

Egun bateko aldarrikapenek edozein bidegabekeria ozen salatu eta agerian jartzeko balio dute, jendetzak horiei helduta denboran bat egiteak eskaintzen duen aparteko oihartzun erantsiari esker. Baina, aldi berean, berebiziko indarra ematen dion hori ahulgarri ere izan daiteke, hogeita lau orduz ekin izana bitarteko soil barik helburu bihurtuz gero. Hala gertatzen da hainbestetan, formak mamia guztiz mugatzen eta irensten duela, nahiz eta eraginkor izateko azken horrek denboran zeharreko behar lukeen.

Urtean behineko militantziak, baina, ez du sakoneko arazorik konponduko. Kosmetikak dotoretu bai baina jatorrizko edertasunik inori itzultzen ez dion bezala. Ezinbestekoa da soldata-aldea salatzea, emakumeek jasaten dituzten hamaikatxo egoera larri eta onartezin arbuiatzea, berdintasuna arnasa betean aldarrikatzea. Baina guzti hori egunerokora eraman behar da: arduradun politikoek erakundeetatik eraginda, enpresa handi, ertain zein txikietako buru direnek indarrean jarrita, etxeetan lanak partekatuta, ikastetxeetan harreman horizontalak errotik ezarrita.

Emakumearenganako jarrera ez delako adierazle osagarri bat, beste askoren artekoa, gizarte oro definitzekoa baizik. Berdintasunik bakoa herrenka ari baita, atzeratua eta muineko gabeziaz betetakoa delako. Horregatik, uste eta nahi besteko ongizaterako, berdintasuna funtsezkoa da, halabeharrezkoa. Ez bakarrik legeek ahalbidetzen dutena, eguneroko jardun arruntekoa baita benetan erabakigarri.

Jende oldea batu zen atzo Euskal Herri osoan hain oinarrizkoa dena goiburu huts izan ez dadin, edukiz janzteko. Txinparta beharrean ezaugarri egonkor bihurtzeko. Berdintasuna ezin delako inoren esku utzi, eguneroko norbere jarrera eta jokabideetatik izango delako atzeraezinezko, sendo, benetako. Askotarikoen borondate-uztarketa irmo eta jarraituak lortuko duelako inork horri muzin ezin egin izatea.

Helmuga urruti dago oraindik. Mundu zabalean areago, baina berton ere bai. Hainbat andrazkoren errealitate garratza da horren lekuko. Martxoaren 9tik aurrera berriz itzalpera itzuliko dena, ohikoan jazarpen eta diskriminazio hori berriz ikustezin izateraino. Emakumearen Eguna urte osora eramanda baino ez da benetan aurrera egitea lortuko, jauzi handiak keinu eta urrats txikiz osatutakoak direnean baino ez direlako egiazkoak, geratzekoak.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos