https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lau eguneko erronkaren kronika

Lau eguneko erronkaren kronika
Egiguren Argazkiak

'Zergatik ez?' emakume taldeak Gipuzkoatik Bizkairako arraunketa saioa osatu zuen lau egunean. Orain, egun horietan egindako ikus-entzunezkoa prest dago Orion erakusteko

AMALIA IBARGUTXI

Iban Egiguren argazkilari eta bideogileak dokumental bat egin du, pasa den uztailean Orioko 32 emakumek burutu zuten erronkaren inguruan. Oriotik Bilbora arraunean joan-etorria egin zuten lau egunean, eta argazkilariak beraiekin egin zuen bidaia, ordu beteko ikus-entzunezko bilakatu duena orain.

Bertan, lau egun eta gauak nolakoak izan ziren azaltzen da. Elkarrizketak, itsasoko eta lehorreko irudiek osatzen dute, itsasotik eta airetik grabatutakoak. Erronka nondik nora sortu zen ere azaltzen du, noski.

Orion «entzute handia» izango duela uste du dokumentaleko egileak, «udalerriko 32 emakumeen historia baita azken finean». Irailaren 21ean, ostiralez, gaueko 21:30ean herriko plazan izango da ikusgai.

'Zergatik ez?' lelopean, lau etapa eta 198 kilometro egin zituzten, arraunean, 32 emakumek, lehenik arraunean ikasi behar izan zutelarik. Iaz ekin zioten proiektua antolatzeari, 40 urte betetzear ziren emakume talde batek zerbait berezia egiteko nahia zuelako, «ez, ordea, beti egin ohi diren tabernako festa, bidaia edo antzerakorik. Gure ingurunearekin lotura zuen zerbait egitea nahi genuen. Oriotarrak izanik, arraunarekin lotura eduki zezakeela pentsatu genuen», azaldu zuten 'Zergatik ez' taldeko partaideek.

Eguneko 6 eta 7 ordu inguruko txandak egin zituzten arraunean, parte bat goizez, bestea arratsaldez. Lehen etapan 52 kilometro egin zituzten, Bermeoraino. Hurrengoan, Bermeotik Portugaleteraino joan ziren, beste 56 kilometro eginez guztira. Hirugarren etapa 64 kilometrokoa izan zen, luzeena, Portugalete eta Ondarroa artekoa.

Azkena laburrena izan zen, 26 kilometro ingurukoa. Ondarroan hasi eta Orion amaitu zutelarik ibilbidea. Festa handiarekin egin zuten topo bueltan. Oraingoa ere, halakoa izango da ziur.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos