https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Egun batetik bestera

Zahartzea irudikatzen duen irudia./Fotolia
Zahartzea irudikatzen duen irudia. / Fotolia
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Egun batetik bestera gertatu zitzaidan: bat-batean, jende guztia ni baino gazteago zen. Gazteagoa zen familia-medikua, eta ginekologoa ere bai, gazteagoa zen; gazteago ziren alderdi politikoen liderrak bai eta banketxearen langileak ere. Gauez, ohiko tabernetan helduena naiz, eta ezohikoetan ere bai. Egun batean gaztea zara, eta hurrengoan, ez dakizu nortzuk diren MTV Sari-Emate Ekitaldian parte hartu duten izarrek. (Rosalía salbuespen; Rosalía nonahiko da eta). Beraz, aurreko asteburuan, Carlton hotelaren sarreran jendetza pilatzen ari zela, ni zahar sentitu nintzen. Bidea markatuta zegoen jada.

Adineko idazleek idatzitako egunerokoak edo euren bizitzako oroipenak irakurtzen dituenean, tremendismoa estilo formula bat dela esaten du Pedro Ugartek 'Lecturas pendientes' liburuan. Idazle horiek gizartea usteltzen ari dela edo mundua pikutara doala errepikatzen dutela dio. Dena apokaliptiko eta beldurgarria bilakatzen ei da idazle edadetuen oharretan. Hausnarketa hori dela eta, Ugartek, zahartzaroa heltzen baldin bada, ez du nahastu nahi izango bere desagerpena eta munduarena. Ni, pasa den igandean, apokalipsia MTVko ekitaldi bat izango balitz bezala irudikatu nuen: super-argiztatuta, koreografikoa eta kolorez saturatuta.

Biztanleriaren zahartzea errealitate bat da eta aurre egin beharko dio gizarteak ahalik eta modurik hoberenean; nik, Pedro Ugartek bezalaxe, ez nuke nahi munduaren apokalipsia ikustea nire apokalipsi pertsonalaren atarian. Baina zahartzaroan bakardadea eta tratu zaharrak maizegi datoz bat, hori bai apokalipsia.

Orain dela gutxi jakin dut euskal eta japoniar emakumeak dituztela bizi-itxaropenik altuenak. Polita izango litzateke kultura-trukeren bat antolatzea zahartzean. Japoniara joango ginateke gu; haiek, hona. Marmitako edo sashimi jatea, paseoan ibiltzea eta bizipenak konpartitzea munduak MTVko musikaren hotsa ozen entzuten duen bitartean. Adin handikoak zaindu behar ditugu, zahartzaroa ere sinfonia bat izan dadin eta ez hileta-martxa apokaliptiko bat.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos