'Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz' leloa, azaroaren 25ari begira
Emakundek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eudelek gizonei zuzenduriko kanpaina bateratua atera dute
leire larrazabal
Asteartea, 15 azaroa 2022, 17:17
Datorren azaroaren 25ean, ostiralean, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatuko da, ohi bezala, eta aurten, kanpaina bakarra izango da Euskadin. Izan ere, Emakundek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eudelek kanpaina bateratua aurkeztu dute: 'Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz' lelopean. Oraindik ulertu ez duten gizonei zuzentzen eta gogorazten die «ezetz esateko modu asko daudela, baina bat bakarra ulertzeko», azpimarratu zuten. Gizonek beraiek, emakumeekin batera, egiten diete galdera hori beste gizon batzuei.
Beatriz Artolazabal Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarentzat «oso garrantzitsua» da erakunde guztiek modu koordinatuan lan egin izana gizarteari mezu bakar bat helarazteko, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko herri konpromisoarekin.
Halaber, nabarmendu du garrantzitsua dela kanpaina gizonei zuzentzea eta gizonak izatea indarkeriari ezetz esaten diotenak eta beste gizon batzuei zuzentzen direnak gogorazteko beharrezkoa dela emakumeen erabakia eta hitza errespetatzea. «Indarkeria matxista ez da emakumeen arazoa. Gizarte osoaren arazoa da. Eta, bereziki, gizarte matxista batean sozializatutako gizonena. Maskulinitate modu bat ikasi duten gizonak». Artolazabalen iritziz, «berdintasun ezaren aurka altxatzen diren eta korporatibismo maskulinoa hausten duten gizonak egotea behar-beharrezkoa da indarkeria geldiarazteko».
Bestalde, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azken hamarkadetan berdintasunean egindako lana azpimarratu zuen. Emilio Sola, Arabako Gizarte Politiketako foru diputatuak adierazi duenez, emakumeek egindako bide luzearen ondoren, «gizonek aldarrikapen historiko horrekin bat egiteko garaia da». Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru diputatuak, bestalde, erakundeen ezinbesteko lankidetza azpimarratzeaz gain, «emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean ezin garela ikusle hutsak izan, ez gu emakumeok, ez gizonek», nabarmendu zuen.