https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Durangon izugarrizko ahalegina egin dute kulturaren esparru guztiak mimatzeko»

Txakur Gorria koleltibo osatzen duten hiru kide. /
Txakur Gorria koleltibo osatzen duten hiru kide.

Lau artista gaztek Azokako mugimendu guztiak batzen dituzte 53. edizioko kartelean

NAHIKARI CAYADO

Sormenaren munduan murgilduta dabiltzan artista hasiberriak dira Txakur Gorria kolektiboa osatzen duten lau neskak. Hogei urte inguruan dabiltza Ane Labaka, Nerea Ibarzabal, Mariñe Arbeo eta Malen Amenabar eta badakite autoedizioaren mundua ez dela batere erraza, baina orain dela hiru urte inolako beldurrik gabe egin zuten salto mundu zabal horretara. Jolas moduan abiatu zutena arrakasta handi bihurtu da, eta aurtengo Durangoko Azokaren kartelaren protagonista bilakatu da laukotea.

«Ilusio handia egin zigun eskaerak, baina aldi berean oso erronka handia izan da guretzat. Izan ere, aurreko urteetako kartelak artista kontsakratuek diseinatu zituzten, denek bakarka egin zuten lan eta adin batetik gorakoak dira, horregatik uste genuen aproposak ginela gu lana aurrera eramateko. Artista gazteak, esperientzia gutxikoak… Oraingoan aniztasuna landu nahi zuten, eta hor geunden gu lan egiteko prest», azaldu digu Ane Labakak.

Gogotsu aritu zen laukotea buruari bueltaka. 'DA! Asko dira' lelopean, Landako Gunean gertatzen diren mugimendu guztiak islatu nahi izan zituzten kartelean, eta baita lortu ere: «Durangoko Azokari erritual izaera aitortzen badiogu, interesgarria da bertan antzezten dugun performanceari erreparatzea. Karteleko diseinua Landakoko planoan oinarrituta dago, eta bertan irudikatzen ditugun mugimendu guztiak iradoki nahi ditu, errotuladore ibiltariak bagina bezala; sarrera, irteera, geldialdi, orrialdeak pasatzeko keinu, besarkada… mugimendu anitzak baina osagarriak, harmonikoak, mugimendu handiago baten parte eta horren alde».

Irudiaz gain, Txakur Gorriako kideek hitza ere gehitu nahi izan diote kartelari, izan ere Amenabar, Labaka eta Ibarzabal bertsozale amorratuak izanik, idazketa eta irudia fusionatzea maite dute beraien lanetan. Ildo horretan, eta irudiari «zentzu gehiago emateko», profil anitzeko pertsonaien bizitza gurutzatuen istorioa kontatzen duen testu laburra atxiki dute kartelaren atzealdean.

Sormen kolektibo honek harreman estua du Durangoko Azokarekin, izan ere, hirugarren urtez izango dute erakusleihoa kulturaren plazan. Gaurko eta atzoko sorkuntzak izango dituzte salgai bertan. Berrikuntzen artean, 'Kaiera' koadernoa izango dute. Lau kideen artean garaturiko istorioak jorratzen dira bertan, non txandaka, bakoitzak lau eguneko epean aurrekoak iradokitzen zionaren arabera jarraitu behar zuen idazten, guztien artean idazle ilustratuen kate bat sortuz. Lan hau abenduaren 7an aurkeztuko dute, Ahotsenean.

Bestetik, oroimena galtzen duen emakume baten istorioa kontatzen duen 'Memoria lehortzen' lana eramango dute Durangora. Paperezko kutxa batean, hamabi irudi eta hamabi koplek osaturiko lanak testua eta irudia uztartzen dute.

Hasiera-hasierako 'Txakur gorria' liburua, taldeari izena ematen diona, salgai izango da 'Hizteria' eskuko hiztegi xelebrearen alboan. 'Xixili' komikiak eta ikuskizunak, 'Plastikozko Loreak' liburua eta hainbat lamina eta txapa ere izango dituzte salgai Azokak iraungo dituen bost egunetan zehar. Haatik, badituzte beste hainbat proiektu esku artean, aipatzekoa da, adibidez, Pirritx eta Porrotx pailazoen diskoaren azkeneko diseinua beraiek garatu dutela. «Durangoko Azokaren parte izatea ohore bat da guretzako, izan ere gaur egun kulturaren erakusleiho zabalena da. Landakon gertatzen denak urte osoan eragina dauka kanpoan pasatzen den horretan», azpimarratu du Labaka gazteak.

Horrela ba, bere esanetan, «esango nuke Durangon izugarrizko ahalegina egin dutela azken urteetan kulturaren esparru guztiak mimatzeko. Ahotsenea, Irudienea, Saguganbara… nabari da publiko desberdina identifikatzen jakin dutela eta saiatzen ari direla bakoitzari euskal kulturatik zatitxo bat eskaintzen».

Durangoko Azoka 2018

 

Fotos

Vídeos