https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Durangoko tren geltokiaren egoera salatu dute

Durangoko bizilagunek tren geltokiaren inguruan kexu formala adierazi dute./Maika Salguero
Durangoko bizilagunek tren geltokiaren inguruan kexu formala adierazi dute. / Maika Salguero

Komunen falta, eskailera arriskutsuak, zikinkeria, itoginak, eta hotza direla medio, ‘Pneumoniaren estazioa’ bezala ezagutzen da

IZASKUN MOYANO

Egitura dagokionez, argitsua eta polita da, baina horrek ez du esan nahi egoera onean dagoenik. Durangoko bizilagunek tren geltokiaren inguruan kexu formala adierazi dute. Komunik ez izatez gain, bertara jaisteko eskailerak labainkorrak direla, zikinkeria pilatzen dela, itoginak daudela eta hotz handia egiten duela adierazi dute. Izan ere, herrian ‘Pneumoniaren estazioa’ bezala ezagutzen da Durangoko tren geltokia.

2012an herritarrak oso pozik agertu ziren behar den bezalako estazioa izango zutela konturatzean. Trenaren zarata entzuteari utzi egin zioten, baina oraindik zeresan handia emango zuen Zaha Hadidek diseinatutako geltoki hark. Bost urteren buruan bertako zerbitzuez kexatzen ari dira herritarrak, 24 milioi euro inbertitu ostean emaitza ez omen da denontzat gustukoa.

Komunak jartzeko eskakizunari Udalak behin eta berriz uko egin ostean, Jose Luis Martinez de Antoñana herritarrak kontua Arartekora eramatea erabaki zuen. “Lotsagarria da hogei minutu itxaroten egon behar duenak komunera joateko aukerarik ez izatea”, kexatu da. “Bi orduko bidaiaren ondoren pixagurari eutsi behar diogu”, aipatu du Donostiatik datozenei erreferentzia eginez.

Martinez de Antoñana bezala, asko dira tren geltokiaren zerbitzuaz kexatzen diren herritarrak. “Eskaileretan sortzen den haize korrontea izugarria da, eta gainera geltoki barrura sartzen da maiz”, onartu dute askok. Batik bat, Rafael Hidalgoren esanetan, “euria ari duen egunetan eskaileren malda orekari adituentzako proba bilakatzen da”. Izan ere, hiru urtetan zehar batu ziren 60 sinadurei esker lurzoru labainkorrentzako tira bereziak jarri zituzten. Baina “arriskua gutxiagotu egin den arren, oraindik maldak beldurra ematen digu”.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos