https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Durangoko Azokarako atzera kontua martxan da

Durangoko Azokarako atzera kontua martxan da
Maika Salguero

Hasi da antolakuntza talde lehen datuak argitzen: erakusmahaiak alokatzeko epea, 'Durangaldeko argitalpenen' kategoria, sortzaileek beren lanak azokan zuzenean aurkezteko izen-emate epea eta Sormen Beka eta ikasle egunaren inguruko informazioa, besteak beste

AMALIA IBARGUTXI

Abenduaren lehen astean egingo da aurtengo Durangoko Azoka, hilaren 5etik 9ra, asteazkenetik igandera. Aurreko hiru urteetan bezala, bost eguneko luzeera izango du aurtengo azokak. Prestakuntza lanetan murgilduta, aurtengo edizioko berritasunak tantaka-tantaka ezagutzera ematen hasi da antolakuntza taldea.

Batetik, jakinarazi dute Durangoko Azokako 53. edizioan erakusmahaiak alokatzeko epea zabalik dagoela, eta parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile nahiz auto-ekoizleek irailaren 30era bitartean dutela horretarako aukera.

Araudian jasotako irizpideen arabera, interesa dutenek aukera ezberdinak dituzte alokairuari dagokionez. Horrek esan nahi du erakusmahai osoa, erdia edota hainbat partaiderekin batera partekatutako auto-ekoizpenen gunea kontratatu ahal izango dituztela. Eskaera on line egin behar da Durangoko Azokaren webgunean, 'Nire Azoka' atalean erregistratuta.

Bestalde, Durangaldeko argitalpenek txoko berezia izango dute. Gerediaga Elkarteak, eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeei inolako kosturik gabe Durangoko Azokan beren produktuak erakusgai eta salgai jartzeko aukera ematen die 'Durangaldeko argitalpenak' kategoriak. Azokaren araudi nagusia betetzeaz gain, helbide fiskala Durangaldeko udalerriren batean izan behar du eskatzaileak eta produktu guztiak tokiko produktu bezala erakusteko. Izena emateko Gerediaga Elkartera jo behar da.

Azkenik, beste hiru daten berri ere eman du azokako antolakuntza taldeak. Lehena, sortzaileek beren lanak Azokan zuzenean aurkezteko izen-emate epea jakinarazi dute: urriaren 1tik 15era. Azokako gune ezberdinetan eman ahal izango dute izena. Bigarrena, ikasle egunarena. Abenduaren 5ean izango da, asteazkenez, eta ikastetxe eta hezkuntza zentroek urriaren 1etik 15era eman dezakete izena. Aurreko edizioetan bezala, tailer eta ekintza bereziak antolatuko dituzte gaztetxoenentzat.

Nobedade gisa, Sormen Beka jarri dute martxan lehen aldiz Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak, sortzaile berrien lanak ezagutzera eman eta euskarazko sorkuntza sustatzeko asmoz, eta proposamenak aurkezteko epea irailaren 21ean itxiko da. Aurtengo deialdian literatura izango da oinarri eta 15.000 euroko laguntza jasoko du proiektu sarituak. Oinarriak eta eskaera-orria azokako webgunean kontsulta daitezke.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos