Durangoko Azokako playlistaz gozatu nahi? Aukera duzu Badok eta Spotifyn!
Talde hasiberriekin batera, hainbat talde ezagun topa daitezke: Gatibu, Zetak, Izaro, Eñaut Elorrieta, Zea Mays, Liher, Ruper Ordorika, Ines Osinaga, Delirium Tremens, Kokein, Merina Gris, Fermin Muguruza, Mikel Urdangarin, ETS...
Durangoko Azoka gero eta gertuago dugu eta une egokia dirudi edizio honi erritmoa jartzen joateko. Hala, Azokako 57. edizioko playlista Badok atarian entzungai da jada, eta intereresdunek euskal musikaren azken nobedadeak entzun ditzakete ostiral honetatik. Zalantzarik gabe, ideia bikaina, musikazaleek euren talderik gustokoen azken kantuak entzun ahalko dituztelako eta ezagutzen ez dituzten banda berriak ezagutzeko aukera izango dutelako ere, Azoka heldu baino aste batzuk lehenago.
Baina zer nolako abestiak entzun ahalko ditugu musika zerrenda horretan? Kulturaren plazako egitarauan gertatzen den bezalaxe, aniztasuna da musika-zerrenda honen ezaugarri nagusia, eta ekimenaren arduradunek nabarmendu dutenaren arabera, guztira, 75 banda baino gehiago batu ditu Azokak bere playlistean. Beraz, talde hasiberriekin batera, hainbat talde ezagun topa daitezke: Gatibu, Zetak, Izaro, Eñaut Elorrieta, Zea Mays, Liher, Ruper Ordorika, Ines Osinaga, Delirium Tremens, Kokein, Merina Gris, Fermin Muguruza, Mikel Urdangarin, ETS... Badokeko zerrenda hau hemen entzun nahi baduzu, sakatu hemen.
Musika-zerrenda hau astero eguneratuko dela ere esan dute, taldeek euren abesti berriak publikatzen dituzten heinean. Hori nahikoa ez balitz, Berria egunkariaren euskal kantagintzaren Badok atarian entzungai egoteaz gain, azken urteetan bezalaxe, Azokak musika-zerrenda osatu du Spotify plataforman, kontu horretan abestiak igo dituzten musika taldeekin. Spotifyko zerrenda entzun nahi baduzu, sakatu hemen.
'eztanDA!'ren iragarkia
Durangoko Azokak edizio honetako iragarkia ere aurkeztu berri du. Spotean Landakogunea hutsik agertzen da, eta gazte batek koloretako eztanda egingo du kitarra eta bozgorailu batzuekin, 'eztanDA!' aurtengo leloagaz jolastuz. Spoteko protagonista Uma Bracaglia aktore durangarra da, eta iragarkiarekin Azokak aurten euskal kulturak bor-bor izango dugula irudikatu nahi izan du, bi urteko ez-ohiko edizioen ostean.
Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra ospatuko da aurten, eta aurrez aurreko plaza izateaz gain, online dendari ere eutsiko dio (hilaren 7tik 10era kasu honetan). Urtero bezala, hamaika kultur jarduera izango ditugu Durangon egun horietan: disko aurkezpenak, solasaldiak, proiekzioak, antzezlanak... Azaro amaieran aurkeztuko du Azokak egitarau osoa.