https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Duela 200.000 urteko bizitzaren aztarnak

Arkeologia-indusketak Praileaitzeko koban, duela urte batzuk./
Arkeologia-indusketak Praileaitzeko koban, duela urte batzuk.

Aurkeztu berri dituzten arrastoak, dozena erdi metro karratu eskaseko espazio batean topatu dituzte; harrizko lanabesak eta 578 animalia-aztarna azaldu dira

AMALIA IBARGUTXI

Praileaitzeko koba, Deban (Gipuzkoa), aurkitu zuten 1983an Mikel Sasieta eta Juan Arruabarrenak. 1996an, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek labar-pinturak aurkitu zituzten haitzuloan, Goi Paleolito garaikoak, hau da, Europara Homo Sapiens-a heldu zenekoa. Garai hartakoa da, baita ere, Ekain leizea. Gutxi gorabehera, duela 30.000 urte ingurukoa. Aurkikuntza berriak argitu du, duela 200.000 urte ere bazirela biztanleak Gipuzkoako kostaldean, Behe Paleolito garaian.

Azken urteotan, hainbat aurkikuntza burutu dituzte Praileaitzen, Behe Paleolitorainoko bidaia ahalbidetzen dutenak. 2018ko kanpainan aurkeztu berri dituzten arrastoak, dozena erdi metro karratu eskaseko espazio batean topatu dituzte. Harrizko lanabesak eta 578 animalia-aztarna azaldu dira; azkeneko horien artean, azpimarratzekoak dira elefanteen familiako ugaztun handi baten hezurra, eta hartz baten letaginak.

Maria Jose Telleria, Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak, Xabier Peñalver Aranzadiko arkeologoak eta Pedro Bengoetxea Debako alkateak aurkeztu dituzte Praileaitz kobazuloan izandako azken aurkikuntzak.

Animalien eta tresnen hondarrek adierazten dute, Peñalverrek azaldu duenez, «'in situ' ekoizten zituzten tresna horiek koban, eta neandertalen aurreko biztanleria ikertzen lagundu ahalko diela uste du. Behe Paleolitoko biztanleria batek okupatu zuen Praileaitz, ehizarako tresnak landu zituen, espezieak harrapatu zituen, eta koban bertan kontsumitu zituen.

Ez du uste, hala ere, tresnak animalia handi horiek zuzenean ehizatzeko erabili zituztenik nahi eta nahi ez, Europako beste aztarnategiek iradokitzen duten bezala. Azken aurkikuntzek informazio gehiago emango dutela uste dute, bertako klima, animalia eta ehiza tekniken inguruan.

Euskal Herrian eta Estatuan ez dago garai horretako arrasto asko. Testuingurutik kanpo, bai, aurkitu izan dira: esate baterako, Iparraldean, Iruñeko arroan, Urrunagako urtegian, Urbasan eta Bizkaiko Uribe Kostako toki batzuetan.

2000. urteaz geroztik ari dira burutzen lan arkeologikoak Praileaitzen. Aro horretako aztarnak oso bakanak dira, eta horregatik, aurkezpenean izan diren ikertzaile zein erakundeetako ordezkariek nabarmendu dute lan horien garrantzia. Telleriaren ustez, beharrezkoa da indusketak eta ikerketa arkeologikoak sustatzen jarraitzea, oso gutxi ezagutzen dugu eta aro horien inguruan. Ezagutza guzti hori gizarteratzearen beharraz ere jardun da, lan horien inpaktu soziala nabarmendu du.

Aurkikuntzei esker, aztarnategia babestu ahal izan da. Uste dute, gainera, gehiago ere egingo dituztela: egun induskatzen ari diren lekuan sei metroko sedimentua dagoela kalkulatzen dute, eta horregatik, arrasto gehiago eta zaharragoak aurkitzea ez du baztertzen Peñalverrek.

Temas

Euskera