https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zinenaldiak Roberto Gavaldon zinemagile mexikarra omenduko du, bere 20 film eskainiz

Zinenaldiak Roberto Gavaldon zinemagile mexikarra omenduko du, bere 20 film eskainiz

Gavaldonek bere ibilbidean zortzi Ariel Sari irabazi zituen

UNAI SARRIUGARTE

Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioak Roberto Gavaldon zinemagile mexikarra omenduko du, bere 20 film eskainiz. Bertan zuzendariak 1945tik 1974. urtera bitartean zuzendutako luzemetraiak egongo dira ikusgai. Era berean, Quim Casasek eta Ana Iriartek Filmoteca Españolarekin elkarlanean burutu duten artista mexikarrari buruzko liburu monografiko bat argitaratuko dute.

Liburuxka honek hainbat artista ospetsuren artikuluak uztartuko ditu, hala nola, Mirito Torreiro, Nuria Vidal, Dolores Tierney, Marina Diaz, Casas bera etab. Era berean, Gavaldonen lanei buruzko Mexikoko aditu garrantzitsuenetako batzuk jorratu dituzten artikuluak daude irakurgai bertan: Rosario Vidal Bonifaz, Carlos Bonfil, Eduardo de la Vega, Fernando Mino, Viviana García Besne, Hector Orozco, Rafael Aviña eta Paula Astorga, Mexikoko Zinemateka Nazionalaren zuzendari ohia besteak beste. Gainera, zuzendariaren seme den Roberto Gavaldon Arbidek liburuaren aurkezpenean esku hartuko du.

Ziklo honetan Euskadiko Filmategiak eta San Telmo Museoak hartu dute parte eta Donostiako Zinemaldiaren ondoren, Madrilera eramango dute. Espainiako hiriburuan Zinemateka Nazionalean egongo da erakusgai urritik azarora bitartean. Programatutako filmetako batzuk Mexikoko Zinemateka Nazionalak eta Filmoteca de la UNAMek zaharberritu dituzte.

Roberto Gavaldon 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Mexikoko zinemako zinemagile ospetsuenetarikoa izan zen. Bere lehenengo urteak estra, aktore, zuzendari-laguntzaile eta gidoilari lanetan eman zituen. Zuzendarikide gisa film baten baino gehiagotan ibili zen. 1945. urtean, berriz, «La barraca» izeneko filma zuzendu zuen, bere ibilbideko lehendabiziko luzemetraia eta Vicente Blasco Ibañezen izen bereko nobelaren egokitzapena dena.

Gavaldonen zinemagile estiloa klasiko, soil eta erritmo errealista batean oinarritzen da. Gehienbat gai melodramatikoak jorratu zituen. Gerora, bere estiloak eta aukeratzen zituen istorioek aurrez aurre jarriko zuten kritikari eta zuzendari gazteagoekin.

«Dias de otoño» (1963) filmarekin Canneseko zinema-jaialdian esku hartu zuen. Hauxe ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar sarietarako izendatutako historiako lehendabiziko film mexikarra izan zen.

Bestalde, Mexikoko zinematografiako beste izen handiko artista batzuekin ere egin zuen lan Gavaldonek: Maria Felix, Dolores del Rio, Arturo de Cordova, Pedro Armendariz eta Libertad Lamarque melodramaren izar argentinarrarekin esaterako.

Halaber, Gavaldon bere herrialdearen nazioarteko ordezkari garrantzitsuenetarikoa izan zen. Bere filmak nazioarteko hainbat zinema jaialditan hartu zuten parte: Cannesen, Venezian, Berlinen, edota, 1953. urtean, «Acuérdate de vivir» obra aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldiaren lehenengo edizioan.

Bere ibilbidean mexikar artistak hainbat garaikur irabazi zituen. Zortzi Ariel sari bereganatu zituen, Arte eta Zientzia Zinematografikoen Mexikoko Akademiak 1947az geroztik ematen dituen sariak. Film onenaren lehen Ariel saria «La barraca» filmak jaso zuen.