https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kalitatezko euskarazko irakaspena aldarrikatu dute Donapaleun

Asteazkenean, SEASKAko eta eskola publikoko kideak bildu ziren lanpostu gehiagoren beharra dutela eskatzeko

UNAI SARRIUGARTE

Donapaleun, Nafarroa Beherean, ikastoletako eta sare publikoko kideak bildu ziren asteazkenean kalitatezko euskarazko irakaspena aldarrikatuz. SEASKAko eta eskola publikoko kideek lanpostu gehiagoren beharra dutela eskatu zuten. Datorren ikasturteetarako Iparraldeko Ikastolen Elkarteak 30 irakasle berri behar ditu. SEASKAk hamahiru bere gaindi hartuko ditu eta Frantziako Gobernuak beste hamar eskaini ditzakeela aitortu du. Edonola ere, beste zazpi faltako lirateke.

Parisek ez du baimenik eman euskarazko murgiltze sistemaren esperimentazioa beste hiru eskola gehiagotan martxan jartzeko. Gainera, datorren ikasturtean zenbait ikasgelatan ez da ikasleen kopurua kontuan hartuko. Ikastola batzuetan bost maila ezberdinetako 30 ikasle elkartuko dituzte ikasgela berean.

Hori dela bide, SEASKAk eta sare publikoak elkarlanean protesta egin zuten pasa den asteazkenean Donapaleun, Olivier Dugrip Bordeleko errektorea eta Pierre Barriere akademia ikuskaria departamentuko auzapezekin biltzekoak zirela aprobetxatuz.

Goizean, zenbait irakaslek eta guraso elkarteetako ordezkariek errektorea eta akademia ikuskariarekin bilera bat izan zuten. Edonola ere, Sare publikoko Biga Baiko guraso elkarteko presidente den Marie Andre Ouretek helarazi duenez, «ez da aurrerapausorik izan elkarrizketetan, nahiz eta ziurtatu dieten mantendu egingo dutela lizeoetan hiru edo lau ordu euskaraz egiteko dotazio berezia».

Ikastoletako eta sare publikoko eragileentzat hori eskaintza eskasa da. Amaia Boloki Euskara Geroan elkarteko kideak nabarmendu duenez kalitatezko euskarazko irakaspena nahi dute, bai SEASKAn eta baita sail pribatu eta publikoan ere. 30 irakasle postu hauek ez badituzte lortzen, ikasleek, irakasleek eta gurasoek pairatuko dute.

«Hemen gaude euskararen alde» oihukatuz eragileek kalitatezko euskarazko irakaspena aldarrikatu zuten. Zenbait tentsio une bizi izan ziren manifestazioan. Alain Sanzek, Departamenduko auzapezen elkarteko presidenteak, zaratarik ez egiteko eskatu zien manifestariei, bilkura bukatzean haien aldarrikapenak entzuteko prest zirela baieztatuta. Azkenean, eztabaida txiki baten ondoren, manifestariak bilkuratik irten ziren.

Temas

Euskera