https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Diru galerak direla eta, '111' aldizkari literarioa ez dute gehiago kaleratuko

Etorkizunean berriro ere aldizkaria kalean jartzea da 111 Akademiako arduradunen nahia. Ordura arte, erakunde pribatuetan bilatuko dituzte konponbideak, eta webgunearen bidez zabalduko dituzte edukiak

AMALIA IBARGUTXI

Euskal Herriko literaturazaleen txokoa da 111 Akademiaren aldizkaria, '111'. Erreportajeak, elkarrizketak eta albisteak zabaltzen dituzte, literaturaren ingurukoak betiere. Abenduan kaleratu duen 10. zenbakia azkena izango da, baina, Jon Unanue 111 Akademiako buruak jakinarazi duenez. Paperezko argitalpenak dakarren gastua bere gain hartzen jarraitzea ezinezkoa zaie, eta jakinarazi dutenez, saiatuko dira edizio digitalari, hau da. Webguneari eusten. Arlo pribatuan saiatuko dira laguntza aurkitzen, «erakunde publikoen bideak eman zezakeena eman duela ikusita».

111 Akademiaren '111' aldizkari literarioak ez du ale berririk argitaratuko, beraz. Iazko diru-galeraren ondorioz hartu dute '111' aldizkaria ixteko erabakia, arazo ekonomiko horri buelta ezin emanda. «Momentu mingarrian dator, gainera, erabakia, orain hilabete eskas harpidetzak handitzeko ekinaldia egin eta eskaerak jasotzen hasiak baikinen», adierazi dute prentsa ohar bidez.

2014an jarri zuten abian aldizkariaren proiektua, «oso modu apalean, krisialdi bortitzak ez baitzuen beste ezertarako aukerarik uzten». «Irakurle arruntari literaturari buruz euskaraz informazioa emango zion argitalpena aurrera ateratzen saiatzeak ahalegin oro merezi zuelako uste sendoa genuen. Ahalegin horiek, ordea, ez dute esperotako fruiturik eman, eta 10. zenbakira iritsi ostean, egitasmoa bertan behera uztea beste irtenbiderik ez zaigu geratu», azaldu dute.

Ordutik, erakundeekiko elkarlana bilatzeko Akademiako arduradunek egindako ahalegina «etengabea» izan da, «egitasmoa egonkortu eta bestelako diru-iturriak sendotu bitartean aurrera egitea ahalbidetuko zion elkarlana, hain zuzen ere». Etorkizunean berriro ere 111 aldizkaria kalean jartzea da Akademiako arduradunen nahia.

111 aldizkariko harpidedunei orain arte erakutsitako babesa eskertu nahi izan diete, baita ere, «eta etorkizunean berriz ere euren etxeetan izateko itxaropenarekin esango diegu gero arte», amaitu du Unanuek.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos