Garai batean, hezkuntza beharrak hala eskatuta, asko itzuli zen euskarara, batez ere haur eta gazte literaturaren sailean. Euskal Autonomia Erkidegoa, alegia orduan Euskadi deitzen zena, ibiltzen hasia zen legearen eskutik, ibiltzen hasiak ginen bezala gainerako biztanleak, Franco hil eta demokrazia etorri berritan. Euskaraz idazten hasi ginenok euskal liburuen gosea genuen; euskaraz ikasten hasi zirenak ez zuten euskarazko materialik, euskaraz ikasi ahal izateko, eta itsu eta gor bezala sentitzen ziren. Ezerezetik sortua denaren patua genuen, dena behar eta ezer ez eskura. Dena asko aldatu da ordutik hona, edo ia dena, zertarako esajeratu, nahiz eta jende asko kexaka ari den. Eginahalak egin arren, sekula pozik ez, sekula aserik ez, beti eta beti jo eta jo euskararen heriotzaren hil kanpaiak. Inpostura modu bat dela deritzot, edo moda kontua ere bai, kontzientzia gaiztoaren seinale seguru asko: dena daukanak ez du ezertaz kexatzeko eskubiderik, baina ez kexatzekotan, zergatik bizi, alegia zergatik izan besteak bezalakoa, bizibide arruntera makurturik eta ez, irudimenaren hegoez, norberaren desirara bultzaturik, noski.
Kontu bera gertatzen dela iruditzen zait autonomia estatuarekin. Lehen genuenaren aldean askoz gehiago dugu, baina denak ez konforme horrekin. Izan daiteke adinean sartzen hasia naizela, eta, atzera begiratu beharrean, begiak aurrean jarriak ditudala, baina ez nago kexatzeko moduan. Ez horregatik, behintzat. Mingarri zaizkit auzoan eta, batez ere, munduan dauden injustizia, giza eskubide eskasia, tolerantzia urria eta diktaduretarako joera. Baina dena ondo dagoela aitortzeak nolabaiteko kontraesanak sortzen dizkie gutako askori. «Dena ondo balego, zertarako bizi?», galdetzen dute. Jakin behar, ordea, zergatik edo zerengatik bizi behar den. Bizitzea ez etsitzea da, besterik gabe.
Garai batean, esan bezala, liburu asko itzuli ziren gurera, ez beti gaur egun itzultzen diren bezain dotore eta trebeziarekin. Gogoan ditut bi, biak Erich Kästnerrenak. Bata zen 'Bertatik ikusita beste era batera dira gauzak' izenburukoa, eta itzultzailea, oker ez banago, Pello Zabaleta izan zen; bestea 'Maiatzak 35', eta itzultzailea Bittor Hidalgo izan genuen. Gustura irakurri nituen biak ala biak, euskaraz irakurtzeak baino gehiago euskaraz dastatzeak bihotzari ematen zion atsegin eta bozkarioarekin. Aitortu behar dut, garai hartaz geroztik ez dudala irakurri orduko pasio eta irrikarekin. Horretaz oroitu naiz, liburutegia txukundu nahian, aspaldiko liburuak zeuden tokitik atera ditudanean. Batzuk han zeuden, aspaldi ukitu gabeak, minaz pentsatzen dut, izan ere, ukitzen ez den liburu bat laztantzen ez duten gizon edo emakume bat bezala sentituko da, barnetik hutsik eta kanpotik desitxuraturik. Banaka hartuta, eskua pasatu diet azaletik eta eskerrak eman dizkiet igarotako une zoragarriengatik. Bai, zoriona aurkitu dut liburuak irakurtzen; orain nekez aurkitzen dudana.
Lanbide horretan buru-belarri sartuta nengoela, begien aurrean jarri zait Erich Kästnerren beste liburu bat: 'Escuela de dictadores'. Bera irakurriz jakin dut Kästner erresistentea izan zela, nazismoaren garaian, barneko erbesteratua, kanpora ateratzera ausartzen ez ziren horietakoak, izuaren apopilo. Liburu-erreketa egin zutenean, harenak ere sutara joan ziren. Kalean zebilela ikusi zuen jendea liburuak gar artera botatzen, baita bereak ere, eta emakume batek ezagutu eta abisua pasa zien besteei. Korrika joan zen etxera. Beldurrarekin batera bizi izan zen, beldurraren morroi. Nazien beldurra, bonben beldurra, Dresden zegoen aliatuek hiria erabat suntsitu zutenean. 1957. urtean estreinatu zuen lan hori. Orduan esan zuen diktaduren aurka jokatzekotan, garaiz jokatu behar dela, diktadura izatera iritsi baino lehen, gero, boterea lortutakoan, ezinezkoa baita. Denbora kontua aipatzen zuen, eta ez heroi izateko grina edo fortuna. Liburua irakurri ondoren, lehendik ere banekien zerbait indartu da nire baitan: diktadura baten aurka eraginkorragoa da umorea drama baino.