https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Diego Galan, Donostiako Zinemaldiko zuzendari ohia, zendu da

Diego Galán./Efe
Diego Galán. / Efe

Marokoar zuzendariak bi garai ezberdinetan zuzendu zuen zinema jaialdia: 1986-1989 eta 1995-2000

UNAI SARRIUGARTE

Diego Galan marokoar historialari eta zinemagilea pasa den astelehenean hil egin zen, 72 urte zituela. Galanek Donostiako Nazioarteko Zinema jaialdia bi garai ezberdinetan zuzendu zuen: 1986-1989 eta 1995-2000. Galan hainbat dokumentalen zuzendari eta zinemaren kritika eta historian aditu handia izan zen.

Zinemagilearen zuzendaritzapean Donostiako Zinemaldiak A maila berreskuratu zuen. A mailako zinema jaialdiak Competitive Feature Film Festivalsen parte dira. Maila hau Nazioarteko Zinemagile Elkarte Federakundeak ezartzen du. Sailkapen hau munduko garrantzitsuena da eta lau maila ezberdinetan banatuta dago.

Galan bi alditan izan zen Donostiako Nazioarteko Zinemaldi jaialdiaren zuzendari: 1986-1989 eta 1995-2000. 2000. urtean marokoar zinemagileak dimisioa aurkeztu zuen eta Mikel Olarizegik hartu zuen bere lekua. Era berean, bigarren zuzendaritza kargua hartu baino lehen, 1993an eta 1994an garai hartan Zinemaldiko zuzendari zen Manuel Perez Estremeraren aholkulari izan zen.

Bestalde, 2001. urtean Galanek Donostiako Urrezko Danborra jaso zuen Donostiako Udalaren eskutik. Marokoar historialariak Donostiako hiriaren irudia hedatzeagatik eta bertako Zinemaldiaren alde aurrera eramandako lanarengatik jaso zuen garaikur hau.

Zinemaldiaren zuzendaritza behin alde batera utzita, Jack Lemmon nunca ceno aquí izeneko liburu batean zinemaldiari buruzko pasarte ezberdinak bildu zituen. Gainera, azken urteotan zinema jaialdiari oso lotuta ibili zen. Izan ere, Donostiako Nazioarteko Zinema jaialdiaren zuzendaritza batzordearen parte izan da.

Pasa den urtean, berriz, Espainiako Zinema Akademiak Urrezko Domina eman zion, zinemagileak bere alderdi profesional ezberdinetan zazpigarren artearen oroitzapenean eta kudeaketa kulturalean egindako lanarengatik. Halaber, telebistarako eta zinemarako hainbat dokumental filmatu zituen.