https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Diasporak jarraitzen du hazten

Iñigo Urkullu, Argentinan, euskal astea ospatzen./Mikel Arrazola
Iñigo Urkullu, Argentinan, euskal astea ospatzen. / Mikel Arrazola

Antolatzaileak pozik agertu dira euskal asteak izandako harrerarekin. Argentinako euskal astean parte hartu dute, besteak beste, Urkullu lehendakariak, Legebiltzarreko Kanpo Harremanetarako Batzordeko kideak, Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak edota FEVAko buruzagiek

AMALIA IBARGUTXI

Argentinako herritarren %10 inguru euskal jatorrikoa dela kalkulatzen dute. Abizen eta toki izenek euskaldunen aztarnak agerian uzten dituzte. Horregatik, hainbat Euskal Etxe daude herrialde osoan sakabanatuta, eta horietako batek antolatzen du, urtero, Euskal Astea. Aurtengoa Mar del Platako Denak Bat-ek eratu du, 75 urte betetzen ari den honetan.

Txupinaren jaurtiketarekin hasi zuten astea Carlos Fernando Arroyo, Mar del Platako alkateak; Asier Iriberri, Denak Bat euskal etxeko lehendakariak eta Iñigo Urkullu, lehendakariak. Honentzat, Argentinara egindako lehenen bisita ofiziala izan da. Latinoamerikako euskal etxeen eskualde bilera ere egin dute euskal aste hori baliatuta, eta hamarretik gora herrialdeko ordezkariak bertaratu dira. Legebiltzarreko Kanpo Harremanetarako Batzordeko kideak, hala nola Jone Berriozabal (EAJ-PNV, batzordeburua), Iñaki Agirre Arizmendi (jeltzalea), Jasone Agirre (EH Bildu), Pili Zabala (Podemos-Ahal Dugu), Txarli Prieto (PSE), Carmelo Barrio (PP) eta Ganberako legegizona Juan Carlos Areizaga bertaratu ziren.

Lehendakariak giza garapen jasangarriaren euskal eredua, nazioartekotzeko estrategiaren erronka eta euskal autogobernuaren etorkizuna izan zituen hizpide euskal etxeetako ordezkariekin egindako bileran. Antolatutako Mintzodromoan ikasle eta irakasle ugarik hartu zuten parte. Haiekin izan ziren, baita ere, lehendakaria bera eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, baita FEVAko buruzagiak eta Eusko Legebiltzarreko hautetsiak ere, esaterako.

Larrazak Hego eta Ertamerikako Euskal Etxeen eskualde-bileran ere parte hartu zuen. Bilera hori amaitzean egin zuten txupinaren jaurtiketa, eta ondoren, Huntza taldeak kontzertua eskaini zuen.

Euskal etorkinei omenaldi berezia egin zieten, Euskal Immigranteen Plazan, itsasoaren ondoko Jesus Galindez Pasealekuan. Horren ostean musikari, dantzari eta laguntzaileak antzokira bildu ziren dantza erakustaldiaz gozatzera. Tartean, Hendaiako 'Akelarre' dantza taldea eta euskal etxeko 'Beti Alai'-ko dantzariak jardun ziren.

Egun bizia izan zen Euskal Asteko azken larunbata, ekintza ugari batu zituelako. Goizean hainbat bilkura egin ziren, tartean dantza taldeen zuzendariena, euskal liburuzainena eta euskal abesbatzena. Aldi berean FEVAko (Federación de Entidades Vasco Argentinas) kide diren herrialde osoko euskal etxeek bilera egin zuten. Antolatzaileak pozik agertu dira euskal asteak izandako harrerarekin.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos