https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Dialektologia izango dute hizpide Euskaltzaindiaren biltzarrean, Bilbon

Martxoaren 14an eta 15ean egingo da, uriko Euskal Museoan, eta 17 adituk hartuko dute parte. Aurretik, 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasean oinarritutako Euskara Ibiltaria' erakusketa aurkeztuko dute; gero, Herri Hizkeren Atlasaren X. liburukia plazaratuko dute

AMALIA IBARGUTXI

Hizkeren berba-mintzoak aztertuko dituzte Bilbon egingo den II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarrean. Martxoaren 14an eta 15ean egingo da, uriko Euskal Museoan, eta 17 adituk hartuko dute parte, Euskal Herrikoak zein nazioartekoak denak.

Euskaltzaindiaren mendeurreneko bosgarren jardunaldi akademikoaren leloa 'Aniztasuna: hizkeren berba-mintzoak' izango da. Aurretik, hala ere, dialektologia biltzarrari bide emateko, Euskara Ibiltaria erakusketa berritua eta interaktiboa aurkeztuko dute martxoaren 13an, Euskal Museoan bertan. 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasean oinarritutako Euskara Ibiltaria' erakusketak, orain arteko panelez gain, zenbait berrikuntza izango ditu. Herri desberdinetako ahotsak entzun ahal izango dira, herriz herri jasotako erantzunak. Gainera, Herri Hizkeren Atlasaren X. liburukia aurkeztuko dute hilaren 15ean.

Oraingo liburukiak 243 mapa erakusten ditu, eta ondorengo gaiak jorratu ditu: jokoak, kirolak, bertuteak eta bizioak, gorputzeko gabeziak, larruazaleko gaitzak, gaixotasunak, heriotza, ezkontza, gizarte-bizitza, ahaidegoa, erlijioa, sinesteak, lana eta beharginak.

Jardunaldi akademikoan, euskararen berba-mintzoak aztertuko dira, eta bide batez, dialektologiaren alorrean nazioartean egin diren azken ikerketak agertuko dira. «Besteak beste, gaur egun nazioartean dauden dialektologia alorreko ikerketa eta egitasmoak ezagutuko ditugu, eta horien nondik norakoen berri izango dugu», azaldu du ekimenaren aurkezpenean Adolfo Arejita euskaltzain eta hizkuntzalariak.

Bertoko eta nazioarteko hizlariak

Antolatzaileek argitu dute hiru helburu nagusi dituztela jardunaldiarekin. Gaur egun nazioartean dauden dialektologia alorreko ikerketa eta egitasmoak ezagutu, eta horien nondik norakoen berri izatea; dialektologiak etorkizunean Euskaltzaindian izan ditzakeen iker-ildoak zehazteko hausnarketa lagungarriak geureganatzea; eta hizkuntza-atlasen corpusak izan dezaketen etorkizunaz eta erabilgarritasunaz hausnarketa egitea.

Halaber, Euskal Museoan egingo den biltzarrak hiru atal nagusi izango ditu: gaur egungo nazioarteko dialektologia egitasmo nagusiak, batetik. Hizkuntzaren bariazioari eta faktore eragileei buruzko ikerketak, bestetik, eta hirugarrena, 'Hizkuntza-atlasen corpusak. Etorkizuna eta erabilgarritasuna'.

Guztira 17 hizlarik osatuko dute aditu-taldea. Atal bakoitzean, txostengile nagusi bat egongo da eta, ostean, bi, hiruzpalau kidek osaturiko mahai-inguruak egingo dira. Hizlariak bertokoak eta nazioartekoak izango dira, esan bezala. Hona hemen atal bakoitzeko hizlari nagusiak: Xarles Videgain. Euskaltzain osoa (CNRS-IKER); John Nerbonne (University of Groningen), eta Pilar García Mouton (CSIC).

Temas

Euskera