Deustualdeko Klown Jaialdia ostegunean abiatu eta martxoaren 3a bitarte iraungo du
Egitasmo honek clown diziplina adin eta mota guztietako publikoari hurbiltzea du erronkatzat, baita Euskadin tradizio ikaragarria duen sorkuntza mota hauxe mahaigaineratzea ere
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 3 otsaila 2023, 20:03
Deustualdeko Klown Jaialdia ostegunean, otsailaren 9an, abiatu eta martxoaren 3a bitarte iraungo du. Izan ere, Deustuko eta San Ignazio-Ibarrekolandako udaltegietan ospatuko dute ekimen honen bigarren edizioa. Pailazo hauen ikuskizunetarako sarrera librea izango da, edukiera bete bitarte.
Egitasmo honek clown diziplina adin eta mota guztietako publikoari hurbiltzea du erronkatzat, baita Euskadin tradizio ikaragarria duen sorkuntza mota hauxe mahaigaineratzea ere. Edizio honetako parte-hartzaile guztiek ibilbide luzea dute clown antzerkian. Bilboko Udalaren jardunari jarraituz, ikuskizun oro doakoa izango da.
Aurten orotara zortzi proposamenez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek, horietako lau euskal konpainiak direlarik. Otsailaren 9an abiatuko da aurtengo egitaraua Andaluziatik ailegatutako Malaje konpainiaren 'Cave Canem?' sorkuntzarekin. Ondoren, otsailaren 10ean Zirika Zirkus euskaldunek 'Berrerabizi' aurkeztuko dute.
Valentziatik ailegatutako CÍA María Andrések, aldiz, otsailaren 16an 'Frágil' obra taularatuko du eta otsailaren 17an Bapatean Zirkok 'Adakabi' emango du ezagutzera. Era berean, Kancaneo-k 'Teatro Ovolucionando' lana oholtzaratuko du eta Ganso & Cía konpainiak 'Panoli Kabareta', otsailaren 23an eta 24an, hurrenez hurren. Azkenik, Pantxika-k 'Alter ego' estreinatuko du martxoaren 2an eta Trokolo Teatroren 'Txus & Txu' ikiskizunarekin amaituko da aurtengo egitaraua martxoaren 3an.
Aipatu bezala, Deustualdeko Klown Jaialdian esku-hartzen duten konpainia guztiak ibilbide luzea eginikoak dira klown antzerkian eta beren proposamenak kalitate eta maila gorenekoak dira. Aurten parte-hartzen duten konpainientzat ohore ikaragarria da bertan izatea, baita beren proposamen artistikoak Bilboko publikoarekin partekatzea ere.