https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Desgaitasuna duten indarkeria matxistaren biktimak artatzeko gida bat argitaratu dute

Desgaitasuna duten indarkeria matxistaren biktimak artatzeko gida bat argitaratu dute

Bertan, jarraibide zehazten dira indarkeriaren biktima diren emakumeak modu hoberenean artatzeko, eta hauek artatzen dituzten profesionalei zuzendua dago

EL CORREO

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak 'Indarkeria matxistaren biktima diren eta desgaitasuna duten emakume eta neskak. Esku hartzeko jarraibideak' izenburuko gida aurkeztu zuen aurreko astean, Bilbon. Desgaitasunaren eremuan lan egiten duten hainbat entitate, federazio eta konferazio elkartzen dituen Edeka plataformarekin elkarlanean landu du gida Emakundek eta aurkezpena 'Erronkak, indarkeria matxistaren biktima diren eta desgaitasuna duten emakumeenganako arretan' jardunaldian egin zuten.

Bertan azaldu zutenaren arabera, gidan zenbait jarraibide zehazten dira indarkeriaren biktima diren emakumeak modu hoberenean artatzeko, eta hauek artatzen dituzten profesionalei zuzendua dago.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi zuenaren arabera, «desgaitasun bat izateak indarkeria matxistaren biktima bihurtzeko aukerak areagotzen ditu, eta horregatik emakumeen kontrako indarkeriaz ari garenean kontuan izan behar dugu errealitate hau».

Landaidak azaldu zuen berdintasun politiketan urteak aurrera egin ahala, «gero eta argiago eta modu indartsuagoan» kontuan izan direla desgaitasuna duten emakumeen baldintzak, bereziki Berdintasunerako Legea onartu zenetik, eta ondorengo Berdintasun planetan, eta hauen errepaso bat egin zuen.

Emakundeko zuzendariak beharrezkotzat jo zuen indarkeriaren biktima diren emakumeen arretaren ardura duten profesionalen prestakuntza, «desgaitasuna duten emakume eta nesken behar eta berezitasunak kontuan izan ditzaten». Zentzu honetan, Emakundek bultzatzen duen Jabetuz prestakuntza programan unitate didaktiko bat erantsi da desgaitasun ezberdineko pertsonekin lan egiten duten entitateak zuzenduta.

Hortaz aparte, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak parte hartu zuen ekitaldian eta eskerrak eman zizkien egunero indarkeriaren biktima diren emakumeekin lan egiten duten profesionalei, eta Jaurlaritzaren konpromisoa azaldu du pertsona guztien errealitate eta behar ezberdinekin eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko helburuarekin.

Bere iritziz, «erakundeen politikek kontuan izan behar dute zeharka generoa eta desgaitasuna», eta, horrekin batera, azpimarratu zuen guztiz beharrezkoa dela desgaitasuna duten emakumeekin lan egiten duten elkarte eta entitate ezberdinekin elkarlanean aritzea.

Jardunaldian 300 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta haietako gehienak indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzen dituzten profesionalak izan dira.

Temas

Euskera