https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Desagertzeko zorian dagoen irla

Hunga Tonga irla./E. C.
Hunga Tonga irla. / E. C.

Polinesian kokatutako lur zatia 2015ean sortu zen ur azpiko sumendi baten erupzioaren ostean

IZASKUN MOYANO

Lurrak milioika urte dituen arren, oraindik sortzen ari dela esan daiteke. Antzina batean Pangaea izeneko kontinente bakarra zen nagusi. Ondoren, Big Bang-aren ondorioz, lurraldeak sakabanatzen eta egun den Mundua eratzen joan zen. Hala eta guztiz ere, badirudi egun kontinenteak bost diren arren, lur zatiak agertzen eta desagertzen ari direla. Azken adibidea Hunga Tonga izeneko irla da. 2015ean ur azpiko sumendi baten erupzioaren ondorioz azalean geratu zen lur zatia, Polinesian.

Azken 150 urteotan hiru sumendi-irla baino ez dira era horretara sortu, baina zoritxarrez, hilabete gutxi batzuk biziraun zuten. Baina Hunga Tonga, era garaikidean azaleratu den irla bakarra da. Beraz, sateliteen bidez, lur zatiok nola garatzen diren ikertu daiteke. Izan ere, zientzialariek dagoeneko martxan jarri dituzte irla aztertzeko planak, urak berriro lur azpian utzi baino lehen.

200 hektareako neurria duen irlak 30 urte biziraun dezakeela adierazi dute adituek. Une honetan, irlaren hiru dimentsioko mapak gauzatzen ari dira. Hauen bidez, lur zatiaren kostalde aldakorra eta ur azalean dagoen lurzorua aztertzen dihardute. Ikerketa horren bidez, bolumena nola aldatzen den neurtuko dute; eta honen arabera, espero gabeko iraupena eta erosio tasak kalkulatuko dituzte.

Inork ez daki ziur zenbat denbora biziraungo duen Hunga Tongak ur azalean, baina zoritxarrez ez da betirako izango. Iraupen laburraren errudun dira solidotutako errautsez eratutako amildegi ezegonkorrak; hauek, urte batzuen buruan erosionatu egingo baitira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos