https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

demokrazia militantea

Pablo Hasel./efe
Pablo Hasel. / efe
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Liburu baten bahiketa; artelan bat ARCO azokatik kentzea; hiru urte baino gehiagoko kartzela zigorra rapero batentzat... Egun gutxitan hartu diren erabakiak direla eta, adierazpen-askatasunari buruzko eztabaida nonahi agertu da, aspaldian ez bezala. Esandakoak azken urteotan gertatzen ari diren gainerako auziei gehitzen zaizkie: Pablo Hasel, Arma X, Elektrotuna, Los Chicos del Maiz, Def Con Dos... Auziperatuen zerrenda horren deigarria izanik, Amnesty International erakundeak berak «neurrigabeko murrizketa» salatu du komunikatu baten bidez.

Zer ari da gertatzen? Esandakoak sekulakoak baino gogorragoak al dira? David Mota Zurdo ‘Tijera Contra Papel’ dokumentalaren gidoilariaren ustez aldaketa nabaria da: «1980ko hamarkadan askoz lelo bortitzagoak erabiltzen ziren zenbait kantutan. Gaurko irizpideak erabilita, batzuk, ezbairik ez, kartzelan egongo ziren».

Zentsuraren itzuleraz mintzo daiteke? Motaren iritziz horixe bera da, hain zuzen, bizitzen ari garena: «Estatuak jasotako zentsura-aparatua ez dagoen arren, establishmentak erabil ditzakeen kontrol sareen bidez, mezu batzuek oihartzuna lor dezakete beste batzuen kalterako eta zenbait ahots isiltzeko eraginkorrak izan daitezke».

«Terrorismoaren goraipamena», «koroari iraina» eta antzerako delituak leporatzen dizkiete zigortutako artistei. Joaquin Urias epailearen iritziz, horrelako delituak ez lirateke zigor-kodean egon beharko: «hitzaren bitartez, delituak egin daitezke, jakina, baina aipatutako delitu horietan jarrera ideologikoak kontrolatu nahi dira eta hori konstituzioaren kontra dago».

Bost urte konstituzio-tribunalean izandako epaile honen aburuz, ezkerretik etorritako iritziak askoz zigor gogorragoak jasaten ari dira eskuinetik etorritakoak baino, eta hori, paradoxikoa bada ere, ezkerrak bultzatutako neurrien erruz gertatzen ari da : «balio komunak babesteko delituak sartu dira zigor-kodean. Intolerantzia, arrazismoa eta matxismoaren kontrako mugimenduek bultzaturik, zenbait balio ezin dira publikoan kritikatu. Epaile batek balio horiek zeintzuk diren erabaki behar du. Epaile gehienak eskumakoak direnez, gehienetan ezkerretik sortutako adierazpenak zigortzen dituzte».

Badago epai hauetan errepikatzen den baieztapen bitxi bat: «Espainia ez da demokrazia militante bat». Printzipioz gaitzespentzat har daitekeena, ez da lehen begiratuan ematen duena, Uriasek azaltzen digunez: «Alemaniako konstituzioan euren sistema ‘demokrazia militante’ gisa definitua dago. Era honetan sistemaren kontrako erakunde guztiak legaltasunetik at kokatzen dira. Nazismoaren aldeko ideia guztiak kanpoan uzteko egin zen hau, bigarren mundu gerra amaitu ondoren. Gure konstituzioaren arabera, ordea, ideia guztiak onartzen dira. Hori dela eta, gurea ez da ‘demokrazia militante’ bat».

Belaunaldi bateko seme askok demokraziaren ideala genuen helburu. Gustuko izan dugun printzipioen artean honako hau zegoen: demokraziaren handitasuna, besteak beste, demokraziaren kontrako ideiak onartzean datza. Orain badakigu, «demokrazia militanteak» kontrakoa defendatzen duela, hain zuzen. Hala ere, eta konstituzio alemaniarra aldera utzita, demokrazia militantean sinetsi nahi nuke, eta egia esan, ez du ematen hau modan dagoenik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos