https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Dekalogoak

Emakume bat, igeri egiten./
Emakume bat, igeri egiten.
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

«Nire poema gehienak igerilekuan sortu ditut, igerian bururatu zaizkidalako edo, egindakoak neure buruari errezitatuz, uretan zuzendu edo baztertu ditudalako. Uretan beti entretenitu naiz hitzekin, hauek hark osatuta daudela sinesteraino», azaltzen du Angel Errok Lerro etena (2004-2018) bere azken liburuan. Mens sana in corpore sano idatzi zenetik, ariketa intelektuala eta ariketa fisikoa lotzeak zekarren onurak azpimarratu dira. Franz Kafkak, esaterako, hau idatzi zuen 1914ko abuztuaren 2an bere egutegian: «Gaur Alemaniak Errusiari gerra deklaratu dio; arratsaldean, igeri egitera joan naiz». Ernest Hemingway boxeolaria izan zen, Haruki Murakamik korrika egiteari buruzko saiakera bat argitaratu zuen. Egun, hainbat eta hainbat gizonezko eta emakumezko idazleak kirolzaleak dira.

Pasa den igandean, Osasunaren Mundu Eguna ospatu genuen, eta berriro ariketa fisikoaren garrantziari buruz hitz egin zen. Orduak eserita ematen ditugunok egunero pixka bat ibili behar dugu. Ezinbestekoa da. Orain dela gutxi, nire idazkera-eskarmentuan oinarrituta dekalogo bat idatzi nuen. Hamar aholku xume txukundu nituen. Azkena oso laburra da eta orain arte esandakoarekin zerikusirik du: «Atera zaitez ibiltzera, arranopola!». Fisikoki, oso garrantzitsua da; baina ondo datorkio gure irudimenari ere. Oxigenatzen dugu geure barrua, eta Angel Errori gertatzen zaion bezala, ariketa fisikoa egiten dugun bitartean, inspirazioa topatu dezakegu. Ordenagailuak burmuina lehortzen didala sentitzen dut nik batzuetan.

Dena den, dekalogoa hurrengo aholku honekin irekitzen da: «Ez idatzi diruagatik, baina ez argitaratu musu-truk». Sormen lan bati eusteko komenigarria da osasuntsuak izan bai eta sosak edukitzea ere. Geure lanak prezio bat izan behar du; pertsona guztiak bezala, dentistarenera joan behar dugu batzuetan eta enpasteak ez dira sonetoekin ordaintzen. Mens sana, corpore sano, eta alaitasun pixka bat poltsikoan. Hori izango zen bizitza honetan edozein erronkari aurre egiteko formula. Dekalogo bat osatzeko zazpi puntu soberan izango genituzke, oraindik.

Temas

Euskera