https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Deabru Beltzak antzerki konpainiak Symfeuny ikuskizuna aurkeztu du Bilbon

Deabru Beltzak antzerki konpainia, ikuskizun batean./
Deabru Beltzak antzerki konpainia, ikuskizun batean.

Interesdunek antzezlanaren estreinaldi ofizialaz gozatzeko aukera izango dute uztailaren 5ean Bizkaiko hiriburuko Kalealdia Jaialdian

UNAI SARRIUGARTE

Deabru Beltzak antzerki konpainiak Symfeuny ikuskizuna aurkeztu du. Antzezlanak kale antzerkia, efektu bereziak eta perkusioaren erritmoa uztartzen ditu eta euskal antzerki taldearen seigarren ekoizpena da. Symfeunyren estreinaldi ofiziala Bilboko Kalealdia Jaialdian eskainiko dute uztailaren 5ean. Obra honek formatu bikoitza aurkezten du: kalejira ibiltaria eta ezenatoki gainean egindako antzezpena.

Simfeuny ikuskizunaren aurkezpen ekitaldia atzo ostegunean ospatu zen Bilboko Rekalde Aretoan. Prentsaurrekoan hainbat pertsonai publikok hartu zuten esku: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politika sailburua, Ana María de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Oscar Cataño 'Garbitxu' Deabru Beltzak konpainiako zuzendaria eta produktorea, eta Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko kultur zinegotzia, hain zuzen ere.

Esan bezala, ekoizpen honek bi ikuspegi ezberdinetatik berrikuntza handiak aurkezten ditu. Batetik, aurretiaz konpainiak egindako beste bost produkzioetan bezala, ikuskizun berri hau berriro ere perkusioaren erritmoan oinarritu egiten da, soinu hauek punta puntako efektu bereziekin uztartuz. Bestetik, bertan erabilitako argia, kolorea, makillajea eta koreografiak milimetrora prestatzen dira.

Oraingoan Symfeunyk antzezpenean sakondu eta ikuskizun berritzaile eta ausartago bat eskaini nahi izan dio publikoari. Bertan piroteknia protagonista nagusi bilakatzen da eta efektu berezien lanetan Gillaume Pujol eta bere talde piroteknikoa egongo dira. Gainera, estreinakoz arte ezenikoetan Cobra sistema berritzailea erabili egingo dute. Hauxe, urrutitik kudeatu eta botatzen den sistema piroteknikoa da, kablerik behar ez duen aukera berritzailea.

Hamar artista

Antzezlanaren soinu eta erritmoak Aitor Furundarena euskal musikagile, soinujole eta irakasleak sortu ditu. Hamabost bat perkusio tresnak osatuko dute ikuskizunaren erritmoa. Bestalde, obrak Ikerne Gimenez bilbotar figurinista eta ezenografaren eta Fangoria taldearen gitarra-jolearen kolaborazioa jaso izan du.

Lan berri honetan hamar artistak parte hartzen dute: 8 euskaldunek eta 2 frantsesek. Aipatu dugunez obrak bi formatu izango ditu: batetik, kalejira ibiltaria, non aktoreak publikoarekin nahasiko diren, danbor eta argi eta piroteknia efektu ezberdinak eginez eta zenbait sorpresa eskainiz; bestetik, agertoki gainean egindako aurkezpena, ezenografia xarmagarria aurkezten duena. Piroteknia, argiak eta soinua musikari-aktoreen koreografia ikaragarriekin uztartuko dira.

Atzo egin zuten aurkezpena.
Atzo egin zuten aurkezpena. / U. Sarriugarte

Europako ibilbidea

Symfeuny ikuskizunak Europan hasiko du bere ibilbidea. Antzezlana KaLDeARTE, Gasteizko Kale Arteen Nazioarteko Jaialdian estreinatu zen pasa den ekainaren 8an. Aipatu dugunez estreinaldi ofiziala Bilboko Kalealdia Jaialdian eskainiko dute uztailaren 5ean. Abuztuaren 1ean, berriz, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 80. urteurreneko hasiera ekitaldian esku hartuko du. Ondoren, Frantziako zenbait jaiaditan egongo da ikusgai: Libourneko Fest Arts eta Quimperleko RIAS jaialdian esaterako.

Deabru Beltzak 1996an sortu zen Bilbon. Konpainia genero ezberdinetako aktoreek osatzen dute. Taldearen oinarria kale antzerkiaren aldeko grina da. 23 urte daramatzate oholtza ezberdinetan ikuskizunak eskaintzen. Espainiar estatuan 4.000 agerraldi baino gehiago egin izan dituzte eta euskal kulturaren enbaxadore garrantzitsuenetakoa bilakatu da nazioarte mailan. Hainbat herrialdeetako agertokietan ibili izan dira: Mexiko, Kuba, Kolonbia, Kanada, Venezuela, Australia, Kuba, Zelanda Berria etab.