https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

DBEBk Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskola, Iñaki Vicuña eta Daniel Carballo saritu ditu

SERGIO EGUÍA

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak gaur egin du, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan Artium, Datuak Babesteko Sarien banaketa ekitaldia. DBEBk urtero ematen dizkie sariak ibilbide profesionalagatik, ikerkuntza lanengatik, komunikazioa eta zabalkundeagatik eta datuak babesteko jardunbide onengatik urtean zehar nabarmendu diren pertsonei, enpresei eta erakundeei.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendari Margarita Uriak ekitaldia zuzendu eta sariak banatu dituzte.

Edizioko sariak honela banatu dira: 'Ibilbide profesionalagatik' Iñaki Vicuñari eman zaio, DBEBren lehenengo zuzendaria izan zenean egindako lanagatik Bulegoa abian jartzen; Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Gardentasuneko Lan Taldeko kide izateagatik eta jurisprudentziaren zabalkundean egindako anonimizazio lan garrantzitsuagatik; Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Datuak Babesteko Batzordeko kidea izateagatik, eta datu babesaren arloan izan dituen erakunde kargu ugariengatik.

'Datu Babesaren Ikerkuntza Arloan' saritua da Daniel López Carballo, honako lanagatik: 'Datu babes eraginkorraren bidean Iberoamerikan. Datuak Babesteko Iberoamerikako Behatokiaren ekimenaren adierazpenak'. Kategoria honetan accesit bate ere eman diote Sofía Lucas Areizagari, honako lanagatik: 'PNR Zuzentarauak planteatzen dituen erronka juridiko nagusiak'.

'Datu Babesaren Komunikazio eta Zabalkundearen Arloko Saria' El Diario Vascori eman diote, herritarrak kontzientziatzen egindako lanagatik, teknologia berriak eta pribatutasunaren babesa behar bezala erabil ditzaten. Kategoria honetan ere accesita eman da, eta Pribatua-Pribatutasun eta Informazio Segurtasuneko Euskal Elkarteak jaso du, etengabe egindako lanagatik pribatutasunaren eta informazioaren segurtasunaren zabalkundearen arloan.

Azkenik, datu babesaren arloko 'Jardunbide Onenei' saria eman diote Vitoria-Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolari, datuen babesaren eta segurtasunaren arloan egiten dituen jardunaldien kalitateagatik.

DBEBren zuzendari Margarita Uriak saritu guztiak zoriondu ditu, lanen kalitateagatik eta egin dituzten ekarpenengatik, erakundeek eta herritarrek gero eta argiago izan dezaten zein garrantzitsua den esparru hau, etengabe garatzen ari den esparrua baita, eta etorkizunerako erronka ugari dakarrena. Erronka berrien artean nabarmendu du Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra. Izan ere, Europako zuzentarau bat da, eta herrialde guztiek nahitaez bete beharrekoa aurtengo maiatzaren 25etik aurrera. Eta azpimarratu du «Erregelamendu berri hau erronka handi bat dela Bulegoarentzat eta Euskadiko erakunde guztientzat, laneko metodologiak egokitu beharko dituztelako Erregelamendura, eta askotan egiturak ere bai. Gainera, herritarren eskubideei berme handiagoa emateko helburua ere badu, batez ere haien datu pertsonalak babestea eta gordetzea dela eta».

Bestalde, Gorka Urtaranek azpimarratu du herritarrak konturatu behar direla zein garrantzitsua den norbere datu pertsonalak babestea, batez ere gazteak. «Guzti-guztiok, gutariko bakoitzak baliarazi behar ditugu esparru honetan dauzkagun eskubideak. Datu-babesa herritar guztien eskubidea da, eta txikitatik ikasi behar du baliatzen, are gehiago teknologia berriak erabiliz gero. Jakin behar dugu zer-nolako arriskuak izan ditzakeen gure informazioak: lapurretak, baimenik gabeko zabalkundea, informazioa aldatzea, galtzea edo ezabatzea; eta guzti horrek ekar ditzakeen ondorioak ere bai; adibidez, sarean dugun ospea kaltetzea, jazarpen psikologikoak edo diskriminazioa jasatea edo identitatea lapurtzea mota guztietako iruzurrak egiteko». Horrez gain, nabarmendu du oso garrantzitsua dela esparru pribatuak eta publikoak, biek tratatzea datu pertsonalak begirunez osoz, eta zorrotz betez indarrena dagoen legedia.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos