https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Dave Smalley & The Bandoleros taldearen kontzertua, datorren ostiralean, Jimmy Jazzen

Dave Smalley & The Bandoleros taldearen kontzertua, datorren ostiralean, Jimmy Jazzen
Jimmy Jazz

Dave Smalley amerikarra The Bandoleros taldearekin elkartu da eta lehen lana kaleratu du

PAUL PICADO

Dave Smalley & The Bandoleros taldearen kontzertua izango da datorren ostiralean, maiatzaren 3an, Jimmy Jazz aretoan. Dave Smalley amerikarra The Bandoleros taldearekin elkartu da eta lehen lana kaleratu dute, 'Join The Outsiders' izenekoa. Hauen aurretik, Mungiako XXL taldearen kontzertua izango da. Aretoko ateak 21:00etan irekiko dituzte, baina oraindik ez dute adierazi kontzertua zer ordutan hasiko den. Sarrerak ohiko lekuetan eros daitezke: Interneten (13,50 euro, kudeaketa-gastuak barne hartuta) edo leihatilan (15 euro).

Dave Smalley musikari estatubatuarra da DYS, Dag Nasty eta All hardcore punk taldeen abeslari nagusia eta Down by Law taldearen abeslari eta gitarra-jotzaile nagusia izateagatik da ezaguna. 1983. urtean hasi zen DYS taldearekin, eta horrekin hamaika lan kaleratu zituen. Dag Nasty taldearekin, berriz, 1986. urtean hasi zen lanean, eta hiru lan kaleratu zituen. Azkenik, Down By Law taldean 1991. urtean sartu zen eta beste hamaika lan kaleratu zituen.

2016. urtean 'Punk Rock Days' izeneko bilduma kaleratu zuen bakarlari gisa, Irlandako folk musika tartekatuz. Eta iaz, Don´t Sleep izeneko talde berria sortu zuen, eta bira bat eman zuen Shelter punk hardcore taldearekin. Oraingoan, berriz, The Bandoleros taldearekin elkartu da, eta Estatutik bira laburra eman ondoren, bere lehen lana kaleratu du. Punk rock estiloko 11 abesti dira eta oso iritzi onak jasotzen ari da diskoa.

Bestalde, XXL taldea, 90eko hamarkadaren hasieran sortu zen Mungian, eta garai hartako hardcore melodikoa Euskadin sartu zuen lehen taldeen artean dago. Pare bat disko kaleratu ondoren, 2000. urtean taldearen jarduera etetea erabaki zuten. Hogei urte egon da taldea deseginda, baina Mungiako skateparka eraitsiko zutela eta, pista omentzeko taldea berriro elkartzea proposatu zieten, taldea skatepark horretan sortu baitzen. Horrela, oso kontzertu hunkigarria eman zuten. Harrezkero, beste lan bat kaleratu dute, 'Borderline' izenekoa.

Temas

Euskera