https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Dave Bartholomew New Orleanseko musika ikurra hil da

Dave Bartholomew New Orleanseko musika ikurra hil da

Estatubatuarra Fats Domino piano-jotzailearekin 50eko hamarkadan egindako ibilbidegatik da ezagun

UNAI SARRIUGARTE

Dave Bartholomew estatubatuar musika ekoizlea eta konposatzailea hil zen atzo, 100 urte zituelarik. New Orleanseko musika ikur garrantzitsuenetarikoaren tronpeta hotsek ospe ikaragarria izan zuten. Bartholomew Fats Domino piano-jotzailearekin 1950eko hamarkadan egindako ibilbidegatik da ezagun. Bikotea Lloyd Price, Smiley Lewis eta Shirley & Leerekin ibili izan zen oholtza gainean.

Bartholomew Luisianan jaio zen 1918. urtean. Jazz musika eta Louis Armstrong izan ziren bere erreferenteak. Lehen urratsak New Orleanseko zenbait orkestra eta musika taldetan eman zituen. 1945. urtean Luisianako hiri honetan «Dave Bartholomew and the Dew Droppers» taldea sortu zuen. Zenbait adituk diotenez musika banda hau New Orleanseko R and B musika estiloaren aitzindaria izan zen. Robert Palmer historialari estatubatuarrak AEBetako rock banden erreferentetzat jo izan du baten baino gehiagotan.

1949. urtean, berriz, Fats Domino piano-jotzailea ezagutu zuen. Berarekin «The far man» kantua ekoitzi zuen, rock and roll musikaren abesti arrakastatsuenetarikoa. Domino-Bartholomew bikotea oso arrakastatsua egin zen 50. hamarkadan AEB mailan. Berarekin 40 abesti baino gehiago sortu izan zituen. Hauetako bi Billboard R&B Chart estatubatuar musika aldizkariak urteko abesti hoberenak izendatu zituen: «Goin' Home» y «Ain't That a Shame».

Bartholomew AEBetako rock and roll-aren Famaren Aretoko, Konposatzaileen Aretoko eta Luisianako Musika Famaren Aretoko ohore kidea da. Grammy bat ere jaso izan zuen musikaren alorrean ekoitzitako maisulanei esker.

Berarekin New Orleansek musikaren beste ikur garrantzitsu bat galdu izan du. Azken urteotan asko izan dira: Dr John musikagile estatubatuarra, duela hiru aste eskas sail honetan iragarri genuena, Fats Domino piano-jotzaile eta Bartholomewrekin agertoki gainean hainbeste une igarotakoa, 2017. urtean eta Allen Toussaint abeslari eta piano-jotzailea 2015. urtean.

Temas

Euskera