https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Datuen saleroste eta manipulazioa salatutako kazetariak saritu dituzte

Matthew Caruana Galizia, Inday Espina-Varona eta Swati Chaturvedi/Afp
Matthew Caruana Galizia, Inday Espina-Varona eta Swati Chaturvedi / Afp

Mugarik Gabeko Kazetarien sariek hiru lagunen lana aitortu dute: Indiako Swati Chaturvedi kazetaria, Matthew Caruana Galizia kazetari eta ingeniaria eta Filipinetako Inday Espina-Varona kazetariarena

AMALIA IBARGUTXI

Adierazpen askatasuna ez da, inondik inora ere, errealitate unibertsala. Mundu mailan, gehiago da ekintza puntuala, herritarren presioen eta kazetari inplikatuen lanaren ondorio. Herrialdeetako egoera politiko edo sozialak krisia nozitzearekin batera azaleratu ohi dira egoera arriskutsuak eta indarkeria, eta halakoak salatutako kazetarien lana aitortzen du urtero Mugarik Gabeko Kazetarien sariak. Oraingoan hiru lagun saritu dituzte egindako lanagatik: Indiako Swati Chaturvedi kazetaria, Matthew Caruana Galizia kazetari eta ingeniaria, eta Filipinetako Inday Espina-Varona kazetaria.

Londresen egin dute urteroko bilera, sari banaketa egiteko. Prentsa askatasunaren sariak dira, eta Lindsey Hilsum Channel 4 kateko kazetariak egin zituen aurkezle lanak. Batetik, 'The prize for courage' delakoa eman diote Swati Chaturvedi kazetari indiarrari. Adorearen saria 'I am a Troll: Inside the Secret World of the BJP's Digital Army' liburuan salatutako Bharatiya Janata Party alderdiaren «armada digitalaren» berri emateagatik. Kazetaria bera ere interneteko 'troll'-en jazarpenaren biktima da.

The Prize for Impact saria (inpaktuarena), bestalde, Matthew Caruana Galizia kazetari eta software ingeniariari eman diote. Iaz bere ama Daphne Caruana Galizia hil zuten Maltako Gobernuko politikarien ustelkeria auziak ikertzen burututako lanagatik, eta epaimahaiak ebatzi du haren semea ere zorrotz aritu dela geroztik lanean, bere amaren hilketa eta herrialdeko ustelkeriaren berri ematen. Pulitzer saria ere badu Matthewk. ICIJ kazetaritza partzuergoan ere lan egindakoa da, eta datuen eta ikerketen unitatea sortu zuen bertan.

Banatu duten hirugarren saria, independetziarena izan da, 'The prize for independence'. Inday Espina-Varona Filipinetako kazetariari eman diote prentsa askatasunaren defentsa egiteagatik: haurren prostituzioaz, emakumeen aurkako indarkeriaz eta LGTB kolektiboko pertsonen eskubideez hitz egiten du, eta Rodrigo Duterte presidentearen mezu misoginoei erantzuteko kanpaina digitala antolatu zuen emakumeei beraien eskubideen berri emateko, besteak beste.

Sari berri batekin itxi dute saridunen zerrenda, Mugarik Gabeko Kazetarien espirituaren saria. Aurreko hiru kategorietan nabarmendu da Carole Cadwalladr kazetari britaniarra, adorea, inpaktua eta independentzia erakutsita, eta horregatik eman diote 'L'esprit de RSF', erakundearen espiritua osotasunean erakusten duen saria. 'The Observer' astekarian egiten du lan, eta saria eman diote Cambridge Analytica enpresak bereganatu zituen Facebookeko milioika profil Donald Trumpen kanpainaren mesedetan erabili zituztela salatzeagatik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos