https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Datorren astean hasiko dira Errota kaleko lanak

SERGIO EGUÍA

Errota kalea eta ingurua eraberritzeko lanak, ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ programan sartutakoak, datorren astean hasiko dira, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak aurreikusitako plangintzari jarraituz. Eguraldiaren arabera, baliteke aurreikuspena aldatzea. Urtaranen gobernuak sustatu du Adurtza auzoko Errota kalea eraberritzea, Heraclio Fournier kaletik Zumakadi ibilbideraino. Bereziki, aparkaleku gisa erabiltzen den espazioa, elizaren eta ikastetxearen artean. Orizon Constructora eta Lazaro Conextran enpresek eratutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zitzizkion obrak, 350.000,73 euroan, eta bost hilabeteko epea dute gauzatzeko. «Berdeguneak eta bizilagunentzako eta inguruko ekipamenduen erabiltzaileentzako nahiz Los Molinos egoitzako pertsonentzako elkarbizitza-, topaketa- eta aisialdi-leku berriak sortzeko aukera emango dute obrek», azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako lanek ingurua oinezkoentzat erosoagoa izatea eta landaredia duten espazioak gehitzea dute helburutzat, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren ildotik. Lehenengo, aparkalekua mugatzen duen horma eta aparkalekuaren eta barneko plazatxoaren artean dauden hiru estalpeak eraitsiko dira. Espazio horretan zuhaitzak dituen berdegune bat jarriko da, eta arrapala bat eta eskailera batzuk egitea aurreikusi da, plazatxoaren eta aparkalekuaren artean dagoen kota-aldea gainditu eta irisgarritasuna erraztearren. Beste muturrean, elizaren ondoan, inguruko horma kenduko da, espaloiak handitu ahal izateko, eta oinezkoentzako plazatxo berria sortuko da, kanpoaldeko espaloiaren eta elizaren kota berean. Hartara ez da arrapalarik edo eskailerarik beharko.

Era berean, parterreak eta txorkoak egingo dira plazatxoko zenbait lekutan (ikastetxearen fatxadaren ondoan, elizaren aurreko plazatxo berria zedarritzeko…), ingurua atseginagoa izan dadin. Parterreen ondoan eserleku jarraitua jartzea proiektatu da. Argiteria ere hobetuko da, eta espaloiak, aparkalekua eta galtzada zolatuko. Bestetik, Txalaparta eta Errota kalearen artean zuzeneko lotura sortuko da, oinezkoentzako bide baten bitartez.

San Martinen AMVISAren sarea nerritzeko lanak, bukatzear

Gorka Urtaran alkateak gaur goizean azaldu duenez, datozen egunetan bukatuko dira San Martin auzoan ur-hornikuntzarako sistema berritzeko obrak. «Azken ukitu batzuk geratzen dira. Egun hauetan, enpresa kontratistetako langileak hesiak kentzen, zuloak estaltzen eta lauzak jartzen ari dira. Zati batzuk berriro asfaltatuko dira, halaber. Eguraldiak aginduko du, baina lanak datorren astean amaitzea aurreikusi da», azaldu du Gasteizko alkateak. AMVISAk zuntz-zementuzko 10.000 metro hodi —80 eta 400 milimetro arteko diametrokoak— berritu ditu San Martinen. Orotara, 1,7 milioi euro inbertitu dira.

Bestetik, Gorka Urtaranek gogorarazi du aurrera jarraitzen dutela San Ignazio Loiolakoaren kaleko eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko lanek, baita Lakuabizkarreko hiri-baratzeetan eta Konstituzio plazan ere. Orobat, esku hartzen ari da Honduras kalean bizikleten trafikoa erregulatzeko, Lakua 03ko futbol-zelaian zein Araneko siloko parkingean. Azken hilabeteetan, berriz, Espazio Publikoaren arloko hainbat inbertsio amaitu dira: Laudio plazakoa, San Anton ingurukoa, Zabalganeko txakurrentzako parkea, eta Bastida eta Labraza kaleetako oholtzen ordez asfalto urtua jartzea, besteak beste.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos