'Darabilbo' ekimenaren hileko azken jarduerak
Euskaltegietatik kanpora, hiriko auzoetan euskara praktikatzeko aukera gehiago emateko, jarduera eta tailerrak antolatu dituzte: gaur bertan, euskal dantza ikastaroa egingo dute
Amalia Ibargutxi
Osteguna, 24 urtarrila 2019
Euskaltegietatik kanpora, hiriko auzoetan euskara praktikatzeko aukera gehiago emateko martxan jarri dute 'Darabilbo. Erabili euskara Bilbon' egitasmoa. Askotariko egitasmo eta tailerrak prestatu dituzte eta, gaur ostiralean bertan, euskal dantza ikastaroa antolatu dute, 19:00etatik 20:00etara, Gaztedi dantza taldearen egoitzan. Jarduera hau hilero-hilero egingo dute, bigarren eta hirugarren barikuetan. Urte osorako agenda prestatu dute.
Trikot tailerrak, hizkuntz jarrerak, portaerak eta lidergoaren ingurukoak, 8 bisita museotara, hirian zehar ibilbideak, bizikleta martxa, garagardo, ardo, kafe eta olio dastaketak, dantza tailerrak, grabatu tailerrak era bertso gosari eta askariak egingo dituzte parte-hartzaileek, besteak beste. Hilaren 31n, 10:00etan, bisita gidatua egingo dute Arte Ederren Museoko '68aren ostean. Artea eta arte-praktikak Euskal Herrian 1968tik 2018ra' erakusketara.
Jarduerak taldeka egiten dira hiriko auzo desberdinetan, urte osoan zehar, uztailean eta abuztuan izan ezik. Nabarmentzen dute ikasleei, ikasle-ohiei, berbalagunei, mintzakideei eta oro har, euskaldunei bideratuta daudela, eta Udala eta euskaltegiez gain, bestelako elkarteek ere parte hartu eta laguntzen dutela egitasmoan, hala nola Bilboko euskara elkarte zenbaitek edota Athletic Fundazioak, konpartsek, AlhondigaBilbaok, Arte Ederren Museoak edo Guggenheim Museoak.
2013ko urrian hasi zen egitasmoa. Bilboko Udaleko Euskara Zuzendariordetzak, Bilboko Euskaltegi Sarearekin batera antolatu du egitasmoa. Bertako kide dira Mondragon Lingua, Bai&By, Bilbo Zaharra euskaltegia, Bilboko AEK, Deustuko Unibertsitatea-Euskal Irakaslegoa, Gabriel Aresti euskaltegia, J. M. Zabala euskaltegia, Labayru ikastegia, Mikelats euskaltegia eta Ulibarri euskaltegia.