https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Dantza eta festarako gosea asetzeko asteburua prestatu dute Durangon

Dantzari Eguna egingo dute, dantzaldi, erromeria, sokadantza eta Bizkaiko txistulariekin

Ikasturte amaierarekin helduko da Durangora Dantzari Eguna. Eguerditik gauera, egun betea izango da gaurkoa, dantzaldi-erromeria, sokadantza, Bizkaiko gaita-jotzaile eta bazkaria egongo direlarik. Oso programa zabala prestatu dute eta, Aiko taldeak, gainera, disko berria aurkeztuko du.

Dantzaren inguruan antolatutako egun honetan, beraz, eguerdian ekingo diote ospakizunari, 13:00etan Andra Mari eleizpean egingo den sokadantzarekin, eta jarraian egingo den kalejira, kantaldi, poteo eta dantzaldiaren konbinazioarekin.

Ikasturte osoz han-hemenka ibili ondoren, egun berezia izango da Aiko taldearentzat gaurkoa. Izan ere, disko berria jendartean aurkeztuko dute.Dantza tradizionalen formatu berriztatua ikusarazteko lan egiten du Aiko taldeak, eta helburu horrekin berarekin prestatu dute lan berria, dantza tradizionalen hedapena sustatu eta horiek balioan jartzeko, hain zuzen.

Bilbon egindako disko-aurkezpenean Patxi Laborda Aiko-ko dantza maisuak adierazi zuenez, «denborarekin egokituz joan diren dantzen adibide paradigmatikoa» da diskoa. Izan ere, «dantzak ez dira betikoak eta ez dira beti berdin dantzatzen, bizirik daude. Norbaitek sortzen ditu eta denborarekin aldatu egiten dira, dantzatzen dituen gizartea aldatzen den legez». Taldearekin txakolin dastaketa egingo dute Plateruena Kafe Antzokian, eta han bertan antolatu dute, baita ere, bazkaria.

Bazkari horren ondoren izango da Aiko taldearen lan berria entzuteko aukera, 17:00etarako taldeak prestatu duen dantzaldi-erromerian. Jarraian, 20:00etan, Bizkaiko txistulariak entzuteko aukera izango da. Azkenik, amaitzen hasteko, guateke tradizionala egingo dute, eta Mi Carro taldeak itxiko du eguneko programazioa, 22:00etatik aurrera.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos