https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Dantza, antzerkia, musika klasikoa... Getxoko Muxikebarrik 40 ekitaldi baino gehiago hartuko ditu urtarrilera arte

37. Antzerki Jardunaldiek 'Izar' eta 'El veneno del teatro' antzezlanak ekarriko dituzte asteburu honetan Muxikebarrira/
37. Antzerki Jardunaldiek 'Izar' eta 'El veneno del teatro' antzezlanak ekarriko dituzte asteburu honetan Muxikebarrira

Getxoko Arte, Kultura eta Kongresu zentroan haurrentzako ikuskizunak, musika eta zinea izango dira protagonistak

ZUREKIN

Urrian hasita, kultura egitaraua biziagotuko da Muxikebarrin, Getxoko Arte, Kultura eta Kongresu zentroan, aniztasuna eta kalitatea ardatz nagusiak izango dituela. Antzerkia, dantza, haurrentzako ikuskizunak, musika eta zinea izango dira protagonistak eta urtarrileko lehenengo astera arte, 40 ekitaldi baino gehiago izango dira bertan. Zentroaren eskaintza adin eta profil ezberdinetako publikoei zuzenduta dago eta Kultur Etxearen ekitaldiez gain, beste erakunde, kolektibo eta ekimenekin elkarlanean antolatutako jarduerak hartuko ditu, Getxora programa interesgarriak gerturatzeko asmoz.

Udazkenean hasita, egitarauaren zutabe nagusietariko bat musika izango da. Horrela, hurrengo hiru hilabeteetan, honako talde hauek jardungo dira Muxikebarrin: Arnau Griso bikote kataluniarra (urriaren 19an), 'Beude' bira abian duen Berri Txarrak banda (urriaren 24an) eta Huntza (azaroaren 15ean, Udagoieneko Ostera zikloaren barruan). Horien bitartez, publiko gaztea erakarri nahi dute antolatzaileek zentro berrira.

Musika klasikoa ez da faltako eskaintzan. Urriaren 30etik azaroaren 2ra Aste Koralak polifonia doinuak ekarriko ditu Getxora Japonia, Ukraina eta Erresuma Batuko abesbatzen eskutik. Azaroaren 29ann, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa jardungo da Muxikebarrin Fernando Velázquezek zuzenduta. Getxon emango duten saioan obra klasikoak, euskal musika eta musikagile getxotarrak eginiko doinu-banden piezak interpretatuko ditu orkestrak.

Azaroaren 10ean, zarzuela izango da lehenengo aldiz Getxon. Santos Ariño Tenorrak eta Carmen Aparicio Sopranoak 'Zarzuela de alta costura' lana ekarriko dituzte Muxikebarrira. Argumentu hari batez lotutako erromantza eta duetoak abestuko dituzte artista horiek, Carlos Crooken zuzendaritzapean.

Urtarrilaren 4an, berriz, 'Alare: Euskal operaren urrezko bristadak' izeneko ikuskizuna izango da. Horretan, Andeka Gorrotxategi tenor ezagunak eta Ana Otxoa Pando sopranoak euskarazko opera-errepertorioa interpretatuko dute. Saioan Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral elkarteak ere parte hartuko dute, Óliver Díaz zuzendari ariko dela. Gainera, egun horretan bertan izango den ikuskizunaren entsegu orokorraz gozatzeko aukera izango dute zaleek.

Muxikebarriko musika eskaintzak beste genero eta estilo batzuk hartuko ditu. Pop musika izango da nagusi 'La fuerza del destino: Homenaje a Mecano' (azaroaren 9an) saioan eta Amy Winehouse-en omenezko kontzertuan (abenduaren 28an). Nazioarteko Trikitixa Jaialdiak tradiziozko soinuak ekarriko ditu azaroaren 30ean eta, abenduaren 3an, Jon Maia bertsolaria buru duen Hezurbeltzak taldeak bere musika-unibertsoa gerturatuko die zaleei. Dantza eta musika uztartuko dira Xabi Aburruzaga eta Andoni Aresti Dantza Eskolaren saioan (abenduaren 22an) eta, azkenik, Ispirit taldearen gospel soinuak gozatzeko aukera izango da urtarrilaren 2an.

Getxoko Islak 20 dantza eta kantu talde bilduko ditu

Eskaintzaren barruan aipamen berezia merezi du 'Getxoko islak' ikuskizunak. Pablo Viar zuzendari artistikoak Getxoko 20 dantza eta kantu talde bilduko ditu musika, dantza eta interpretazioa uztartzen dituen obra originala gauzatzeko. Ikuskizuna urriaren 21etik 24ra izango da, eta Getxoko kultura aniztasuna erakutsi eta bertoko elkarteen parte-hartzea bultzatzea ditu helburu nagusiak. Guztira, sei emanaldi egingo dira eta, horiez gain, master class-ak eskainiko dituzte Viarrek berak (eszena-zuzendaritza) eta talde artistikoaren beste kide batzuek ere: José Luis Raymond eszenografoak, Carmen Martinez argi diseinatzaileak eta Unai Elorriaga idazleak.

Antzerkia asteburu honetatik aurrera

37. Antzerki Jardunaldiek 'Izar' eta 'El veneno del teatro' antzezlanak ekarriko dituzte asteburu honetan Muxikebarrira, 'Ghero' dantza ikuskizunarekin batera. Ziklo horren eskutik abiatuko da antzerki-denboraldia eta hurrengo hilabeteetan eskaintza anitza izango dute antzerkizaleek. Azaroaren 16an, 'Elisa y Marcela' komedia musikala izango da; abenduaren 1ean, Carlos Hipólito eta eskarmentu handiko Emilio Gutiérrez Caba aurrez aurre jarriko ditu sari ugari jaso dituen 'Copenhague' obrak. Abenduaren 14an, 'Último tren a Treblinka' antzeztuko da, 1942. urtean Varsoviako ghettoko umezurztegi batean girotua dagoen lan bizi eta lazgarria, egungo zenbait konturen inguruko gogoeta proposatzen duena. Azkenik, abenduaren 27an 'Intocables' antzeztuko du Pentación taldeak, 'Intouchable' frantziar filmean oinarritutako lana, hain zuzen ere.

Zinea

Zinea ere abiatuko da Muxikebarrin Bizkaiko zine dokumentalaren jaialdi ospetsuen eskutik. Urriaren 17an, 23an eta 31n Athletic Fundazioak antolatzen duen Thinking Football Festivaleko saridun filmak proiektatuko dira eta, azaroaren 11tik 14ra, 'Mendi Tour' zikloa izango da. Horretan, BBK Mendi Film Festivaleko (Nazioarteko Mendiko Zinemaldia) dokumental onenak eskainiko dira.

Haur ikuskizunak

Gaztetxoak ere kontuan hartu dira egitarau berrian. Datozen hilabeteetan, honako saio hauek izango dira ikusgai Getxon: Demodé Quarteten 'Epa Txiki!' (azaroaren 17an) antzezlan musikala; Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazo ospetsuen 'Bizi dantza' (abenduaren 21ean) ikuskizun berria eta 'Go!azen 6.0' (abenduaren 30ean) ETBko telesail ospetsuan oinarritutako musikala.