https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Dantz Point Tabakalera musika jaialdia bueltan da berriro ere

Dantz Point Tabakalera musika jaialdia bueltan da berriro ere
D. V.

Abuztuaren 8an bertan Ope Loeb (Donostia) eta Marc Piñol (Bartzelona) disko-jartzaileak entzuteko aukera egongo da

UNAI SARRIUGARTE

Dantz Point Tabakalera musika jaialdia bueltan da berriro ere. Dantz Point DJ eta live musika saioak leku berezi eta enblematikoetan ospatzean datzan proiektua da. Programa honetan puntako artistek hartzen dute esku.

Ekimen hauek teknologia berrien bitartez sortzen dituzte eta aldi berean mundu osora hedatzen da streaming bidez eta sare sozialetatik abiatuta. Programak hainbat diziplina uzartzen ditu: artea, arkitektura, natura, turismoa, abangoardia, kultura, teknologia berriak eta historia-ondarea besteak beste.

Abuztuaren 8an Tabakaleraren aldameneko Andre Zigarrogileen plaza Dantz Point bihurtuko da. Bertan Ope Loeb (Donostia) eta Marc Piñol (Bartzelona) disko-jartzaileek egun horretako arratsalde eta iluntzea girotuko dute.

Ope Loeb donostiar musika jartzailea da. Artista honek musika elektronikoa maitatzeko bide bat aurkitu du biniloetan. Hainbat dira bere musika influentziak eta etengabeko eboluzioan dihardu azken urteotan. Giro bikainen eratzaile honen erritmoak dantzalekuan nabarmentzen dira.

Marc Piñol, berriz, Bartzelonako (Katalunia) musika kazetaria da. Piñolek kazetari lana utzi eta musika-jartzaile lanetan hasi zen. Harrezkero 25 urte daramatza disko-jartzaile lanetan eta egun oso famatua da Kataluniako hiriburuko panorama musikalean. Artista kataluniarrak hainbat musika estilo nahasten ditu: eletroa, technoa, drum'n'bass, rock, elektronikoa etab. Azken hiru urteetan Espainia mailako DJ onenen zerrendaburu izan da.

Piñolek musika, zine eta literatura kritikak idatzi ditu. Gainera, publizitate minimalista eta avantgardearen lan ezagunak sinatu zituen Juanjo Saezekin (Círculo Primigenio) batera.