https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Daniel Johnston musikagile estatubatuarra zendu da

Daniel Johnston./Afp
Daniel Johnston. / Afp

90. hamarkadan ospe handia bereganatu zuen eta 1994. urtean Atlantic multinazionalarekin Fun diskoa grabatu zuen

UNAI SARRIUGARTE

Daniel Johnston musikagile estatubatuarra zendu zen asteazkenean, irailak 11, 58 urte zituelarik. Bere sendiak jakinarazi zuenez, azken urteotan hartzen zebilen medikazioen ondorioz artistaren osasunak okerrera egin zuen eta bihotzekoak jota hil zen.

Johnstonek bere musika ibilbide oparoan 17 album kaleratu zituen. Lehendabiziko lana 1981. urtean plazaratu zuen, «Songs of pain». Gero beste hainbat etorri ziren, denak kasete formatuan: «Don't Be Scareed», «More Songs of Pain», «Hi», «How Arre You», «Respect» edota «Merry Christmas», besteak beste. Album hauei esker kultuzko musikari bilakatu zen.

90. hamarkadan ospe handia bereganatu zuen eta 1994. urtean Atlantic multinazionalarekin Fun diskoa grabatu zuen. Edonola ere, urteak igaro ahala artistaren arrakastak behera egin eta Johnston bere eremu naturaletara itzuli zen.

2006an Jeff Feuerzeig zinemagileak musikariaren bizitza eta lan metodoak hizpide zituen «The Devil and Daniel Johnston» film dokumentala argitaratu zuen. Urteak igaro ahala, hainbat rock izarrek erakutsi zuten Kaliforniako musikari honen aldeko miresmena. Horien artean ezagunenetarikoa Nirvana musika taldeko buru zen Kurt Cobain izan zen.

Gaztetan McDonalds jatetxe baten ibili zen lanean eta bertan irabazitako diru guztia kasete ezberdinak erosten xahutzen zuen. Bere lehenengo lanetan ia baliabiderik gabe grabatutako kaseteak ekoitzi zituen. Jonhstonen ahotsa oso pertsonala eta bereizgarria zen. Ahots altua, sakontasunik gabekoa, baina, sentimendurik lazgarrienak transmititzeko gai zena.