https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ez dago besterik

Libreak ginen eta goizeko zazpietan ateratzen diren aldiriko trenetan pilatuta bukatu dugu./Inés Baucells
Libreak ginen eta goizeko zazpietan ateratzen diren aldiriko trenetan pilatuta bukatu dugu. / Inés Baucells
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Urtean zehar hartzen ditudan opor bakarrak udakoak dira; hori dela eta, aste batzuk etxetik kanpo pasatzeko aukera dut. Normalean, herri txiki batean ematen dut hilabete oso bat. Hausnarketa pertsonala egiteko denbora izaten dudanez, maiz galdetu diot neure buruari ea hain leku txiki batean jarraian bizitzeko gai izango nintzen bai ala ez. Kapaza izango nintzela pentsatzea gustatzen zait, baina landa eremua idealizatuta dudala ondo dakit nik, eta neguak oso luzeak dira herri txikietan. Nola edo hala, abuztuaren amaiera heltzen denean, akabo hausnarketak eta zalantzak: lanera itzultzea saihetsezina da niretzat. Fakturak ordaintzeko modu bakarra dut eta lana. Horrela dago antolatuta asuntoa. Hasiera batean, gizonezko eta emakumezko libreak ginen, baina 'homo sapiens' bati garia landatzea bururatu ei zitzaion gari gehiago denbora tarte laburragoan izateko. Gero beste norbaitek gurpila asmatu zuen eta bat-batean 'fordismoaren' atzaparretan harrapatuta geunden. Geroago gertatu zena da geure gaur egungoaren historia. Libreak ginen eta goizeko zazpietan ateratzen diren aldiriko trenetan pilatuta bukatu dugu, bai eta gaueko trenetan, metroetan, errepideetan, gauzei zentzua bilatzen diegun bitartean. Sentsazio hori oso ondo islatzen du Karmelo C. Iribarrenek 'Madrid, metro, gaua' poeman: «Ahituta dagoen jendea, begiak lurrean josita, bizitzari buruz bere buruari galdetuz, benetako bizitzari buruz, bakarrik hau ezin delako izan…».

Udazkena, orain bai, heltzear dago, eta libreak ez garela gogorarazten digu. Une zehatz batean gauzak aldrebestu ziren iraganean, eta egun, metroko bagoien azpian ez dago hondartzaren harearik eta 'homo sapiens' hark landatu zuen gari hura ere ez. Izan ere, aurrerantz jarraitu beharko dugu eta bidean zehar udazkenak eskaintzen diguna hartu: irasagarrak, intxaurrak eta gauza berriek dakartzaten promesak. «Zarata gutxirekin hurreratzen da udazkena: txitxar motelek, kilker bakan batzuek defendatzen dute irauten tematzen den uda baten gotorlekua», dio Angel Gonzálezen poema batek. Murgildu gaitezen beraz kurtso berrian, ea nolako uzta dakarren udazken honek.

Temas

Euskera