https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Coco Montoya, Bette Smith, The Excitements... Getxoko Blues Jaialdian

Bette Smith, datorren ostiralean eskainiko du kontzertua Getxon./Getxo&Smith
Bette Smith, datorren ostiralean eskainiko du kontzertua Getxon. / Getxo&Smith

Nazioarteko Blues Jaialdiaren 30. edizioa ostegunetik igandera bitartean bueltatuko da Getxora

ELCORREO.COM

Nazioarteko Blues Jaialdia ostegunetik igandera bitartean (uztailaren 19tik hilaren 22ra) bueltatuko da Getxora, eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Coco Montoya, Bette Smith, The Excitements eta The Blues Morning Singers izango dira saio nagusien protagonistak. Kontzertuak Algortako Biotz Alai Abesbatza plazan izango dira, eta, aurtengo egitaraua borobiltzeko, saio nagusiez gain, doako lau kontzertu eta kaleko desfileak izango direla gaineratu dute Getxoko Kultur Etxeko iturriek.

Aurtengo kontzertu nagusiak saio bikoitz batekin hasiko dira, ostegunean, uztailaren 19an. Bartzelonako The Excitements taldearekin hasiko da gaua, «rhythm & soul indartsu eta itsaskorrarekin». Koko Jean Davis abeslari buru duen taldea Memphis, Detroit eta Chicago aldean kokatu izan da eta 1950eko hamarkadako azkenaldiko R&B bizia nahasten du 1960ko hamarkadako stax soinuarekin. Zuzenekoetan R&B estiloko bertsio indartsuak txandakatzen dituzte jatorrizko abestiekin, «betiere zati erritmiko ahaltsu batekin».

Kataluniarren ostean, The Blues Morning Singers Bilboko laukote elektroakustikoa ariko da. Blues doinuak jotzen ditu, bere aldaera eta estilo guztietan. Taldeak ihes egiten du erabili ohi diren errepertorioetatik eta estereotipoetatik aldetzen da ere bai, musika afroamerikarrean sakon errotutako konposizioak eskainiz. Errepertorioak Deltako blues soinu umela, 1950eko hamarkadako Chicagoko blues zorroz elektrikoa eta AEBetako Mendebaldeko Kostako zein New Orleanseko jump blues dantzaldiak jasotzen ditu.

Goizeko kontzertuak

Ostiralean, bestalde, Bette Smith abeslari amerikarraren txanda izango da. Brooklyneko artista blues urratzaile eta soul sutsuen erakuslea da eta blues panoramaren ezusteetako bat izan zen iaz 'Jetlagger' diskoari esker. Neo-blues delakoaren erakusgai izugarria da Smith. Bere ahots sutsu eta hareatsua une gorenera heltzen da. Adituek diotenaren arabera, Betty Davis edo Tina Turner dirudi kanta batzuetan eta funky txundigarria beste batzuetan blaxploitation estiloko soinuarekin, betiere soul kutsuetatik urrundu barik.

Azkenik, larunbatean, Coco Montoya (1951, Santa Monica, AEB) gitarrista kaliforniarrak itxiko ditu Getxo&Blues jaialdiaren saio nagusia. Hori nahikoa ez balitz, jaialdiko egitaraua borobiltzeko, doako kontzertuak eskainiko dituzte Barney's Band eta Maraya taldeek, ostiralean eta larunbatean, Algortako The Piper's Irish Pubeko saioetan. Halaber, Granujas a Todo Ritmo Street Band taldeak kaleko giroa alaituko du. Eta larunbatean eta igandean jaialdiak lehenengo aldiz antolatuko ditu goizeko kontzertuak. Stereosonik bertoko elkarteak antolatuta, The Big Flyers eta Still River taldeak Kirol Portuko ostalaritza terrazetan arituko dira, 13.00etan. Ez ezazue pentsa eta hurbildu zaitezte jaialdi honetaz gozatzera.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos