https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'La ciudad de la lluvia' eleberriaren aurkezpena, gaur, Bidebarrieta liburutegian

Alfonso del Río idazlea, La Bilbaina eraikinaren aurrean./Ignacio Pérez
Alfonso del Río idazlea, La Bilbaina eraikinaren aurrean. / Ignacio Pérez

Bilbo erreferentetzat hartu duen izenburuko thrillerraren inguruko zenbait xehetasun aurreratuko ditu Alfonso del Río autoreak

JAN ECHEVARRÍA

Eleberri bat idaztea ez da kontu erraza. Ondo daki Alfonso del Ríok, duela hamar urte baino gehiago argitaratu berri den 'La ciudad de la lluvia' lanaren lehenengo zirriborroak prestatzen hasi zena. Gaur, Bidebarrieta Kulturguneak bere lehen eleberri horren aurkezpen ekitaldia jasoko du.

Bilboko Udalak iragarri duenez, topaketa Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean, sarrera librearekin, leku guztiak bete arte. Egilea, kulturan eta literaturan espezializatutako César Coca kazetariarekin eta Pablo Sanz Deloitte Legaleko bazkidearekin arituko da solasean.

Alfonso del Río (Bilbao, 1980) Juan Mari Aburto Bilboko Alkatearekin batzartu zen joan den otsailean, 'Ancora &Delfin' argitaletxearen arduradunak tarteko zirela, Bilbo erreferentetzat hartu duen 'La Ciudad de la Lluvia' izenburuko thrillerra aurkeztu eta istorioaren zenbait xehetasun aurreratzeko asmoz.

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua, idazleak bere eguneroko jardunean abokatu, aita eta idazle egitekoak uztartzen ditu. Abokatu gisa, nazioarteko bufete batean egiten du lan, eta irakasle lanetan dihardu UPV/EHUn eta Deustuko Unibertsitatean. 2017an Estatuko abokatu gazte onenen artean aukeratu zuen Iberian Lawyers-ek, Forty under Forty sari garrantzitsuaren bitartez.

Athletic taldeko jokalariaren abentura

Hortaz aparte, Del Ríok zenbait liburu espezializatutan hartu du parte, baina «ekarpen horiek ez zuten literaturarako zuen jakin-mina asebete». Izan ere, idazle izatea edo zaletasun ihes egiteko bide gisa erabiltzea inoiz pentsatu ez bazuen ere, bilbotarrak idazteko eta beste bizimodu batzuetan murgiltzeko beharra sentitzen zuen. Horrela, lehen aipatu dugunez, duela hamar urte baino gehiago hasi zen argitaratu berri den 'La ciudad de la lluvia' lanaren lehenengo zirriborroak prestatzen.

'La ciudad de la lluvia', gizakiak barruan duen hoberena eta txarrena biltzen dituen thrillerra da. Handinahiaren, maitasunaren eta pertsonen arteko konplizitatearen botere magnetikoari buruzko istorioa da, eta pertsona guztiek daukagun eta betirako itzalpean gorde ezin daitekeen aurpegi ezkutu hori erakusten du.

Horrela, laurogeiko hamarkadaren hasierako Bilbon, hiru heriotza misteriotsuk, elkarren artean itxuraz inolako loturarik ez duten zenbait pertsonaiaren patuak elkartuko dituzte. Alain Lara Athletic taldeko jokalari gazte eta etorkizun handikoak, abentura horretan murgilduko da. Ea zer gertatuko den? Hurbildu zaitez gaurko aurkezpenera eta horren berri izango duzu.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos