https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Chillida abiapuntu, artearen eta espazio publikoen arteko harremana aztertuko dute Alemanian

Asier Mendizabal euskal artista./Jordi Alemany
Asier Mendizabal euskal artista. / Jordi Alemany

Bi eguneko egitaraua antolatu du Frankfurteko Goethe Unibertsitateak, eta Asier Mendizabal euskal artista gonbidatu dute bertan parte hartzera

AMALIA IBARGUTXI

Euskal artea Alemaniara eraman dute asteburuan, Frankfurteko Goethe Unibertsitatean, Eduardo Chillida Katedrak antolatuta, ematen ari diren euskal ikasketetara. Bi eguneko egitaraua antolatu du unibertsitateak hilaren 6 eta 7rako, hau da, atzo eta gaurko.  Asier Mendizabal euskal artista gonbidatu dute bertan parte hartzera.

Ikasturteko programa akademikoaren ekintza osagarri moduan antolatu dituzte bi egunok, eztabaida eta hitzaldiekin. Mendizabalek egungo arteari euskal arteak egiten dion ekarpena azalduko du, 'Inflexion. A case from the belated basque advantgarde' izenburuko esku-hartzean. Arte plastikoetako produkzioaren inguruan ere jardungo da artista gipuzkoarra. 

Material desberdinen erabilera integratzaileari buruz eta egungo eskulturak tradiziozko eskulturekiko dituen antzekotasun eta desberdintasunen inguruan hausnartzeko tartea sortu dute, 'assemblage' hitzaren inguruan. Sormen prozesu horretan «egunerotasunaren eta gizarteen arteko harremana» nola lantzen den aztertu nahi dute bereziki, artearen eta espazio publikoaren inguruko harremana hizpide.

Eduardo Chillida Katedrak ahalbidetu du Mendizabalen hitzaldia. Katedra hori Frankfurteko Johann Wolfgang Goethe Universität delakoan dago, eta euskal arteari buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketak sustatzea du helburu. Aurtengo programa Tobias Vogt, Arte Garaikidearen Historia eta Teoriako irakasleak irakatsi du.

2013an Katedra sortu zutenetik, aditu desberdin bat gonbidatzen dute urtero bertako ikasleei euskal kulturaren inguruko edukia emateko. Aurten, arteak espazio publikoan duen paperaren inguruan hausnartu dute. Alde batetik unibertsitateko ikasleei eskaini dizkie eskolak Vogt-ek, eskultura garaikidearen sarrera modura. Lau irteera egin dituzte Alemaniako bi hiritara, bertako eskultura eta instalazioak ikusi, deskribatu eta aztertuz, bertako Chillidaren eskulturak abiapuntu hartuta. Bestalde, masterreko ikasleei mintegi espezializatuagoak eskaini dizkie, 1900. urtetik honako hainbat kontzeptu eta sorkuntza metodo landuz, izen handiko eskultoreen lanak aztertuta.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos