https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Carlos Paterson piano-jotzailearen kontzertua izango da gaur Bastidan

Carlos Paterson piano-jotzailea/carlospaterson.es
Carlos Paterson piano-jotzailea / carlospaterson.es

Jasokundeko Andre Mariaren elizan izango da, 19:30ean

PAUL PICADO

Carlos Patersonen kontzertua ikusteko aukera egongo da gaur, igandean. Bastidako Jasokundeko Andre Mariaren elizan, 19:30ean, Arabako XXXIII. Organo Jaialdiaren barruan. Bost kontzertu antolatu dira uztailaren amaieratik abuztura arte eta Patersonena hirugarrena izango dugu.

Patersonek organo eta piano ikasketak egin zituen Teruelgo Musika Institutuan, eta ikasketak amaitutakoan pianoko sari berezia eman zioten. Gero, organo eta solfeoko goi-mailako ikasketak egin zituen. Horrela, hogeita bi urterekin dagoeneko bi espezialitate horietako gradua eskuratu du, goi-mailako gradu amaierako ohorezko sariarekin gainera. Horren ostean beste zenbait ikasketa ere burutu ditu.

Irakasle handien ikaslea izan da eta azken urteetan Espainiatik nahiz Europatik, hala nola, Italia, Frantzia, Alemania, Austria eta Erresuma Batutik ibili da kontzertuak ematen. Zenbait, elkarte, ziklo eta ikastaroren sortzailea izan da, eta musika-zuzendari gisa ere zenbait taldetako buru izan da, hala nola Mallengo Udal Bandan (Zaragoza), Teruelgo Udal Banda Polifonikoa eta abar.

Konpositore gisa, zenbait lan ezagun ere sortu ditu, besteak beste, Daniel Kavanaghek abesten duen 'If thou wilt, remember'. Baina berak egindako ikasketa guztiak ez dira musikaren ingurukoak izan, Zuzenbidea ere ikasi baitzuen UNEDen.

Gaur egun, bestelako eginkizunen artean, Valentziako Joaquín Rodrigo Goi Mailako Kontserbatorioko katedradun gisa aritzen da. Bestalde, Aragoiko Gobernuko organo, musika eta ondare zikloaren koordinatzailea da, eta pianoa irakasten du Valentziako Musika Arteen Institutuan. Gaurko kontzertuan musikari polifazetiko honetaz gozatzeko aukera izango duzu Bastidan.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos