https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Capsula eta The Northagirres taldeen boloak, larunbatean, Hell Doradon

Capsula talde argentinarra./
Capsula talde argentinarra.

Capsula talde argentinarrak bere azken diskoa aurkeztuko du kontzertuan

PAUL PICADO

Rocka gustukoa baduzu, larunbatean bi rock-talderen kontzertua izango duzu Hell Doradon: alde batetik, Capsula talde argentinarrak joko du bere disko berria aurkezteko, eta bestetik, The Northagirres talde urretxuarra izango da. Kontzertua 23:00etan hasiko da, baina aretoko ateak ordubete lehenagotik egongo dira zabalik. Sarrerak Interneten (15 euro gehi 1,5 euro kudeaketa-gastuengatik) edo leihatilan bertan eros daitezke (18 euro). Bazkideentzako sarrerak 13 euro balioko du.

Capsula rock-taldea Buenos Airesen sortu zen 1997. urtean, baina 2002. urteaz geroztik Bilbon kokatu ziren. Hasiera batean gaztelaniaz bakarrik idazten zituzten abestiak, baina geroago ingelesez ere konposatzen hasi ziren. Zenbait talde ezagunekin alderatu dituzte, hala nola The Cramps, X edo The Who taldeekin, izan ere, garaje rocka, rock and rolla, post punk eta noise bateratzen dituzte.

Zuzenean emandako kontzertuengatik nabarmentzen dira, eta Europan, Hego Amerikan, Mexikon eta Estatu Batuetan kontzertuak eman dituzte. Halaber, jaialdi ezagunetan ere parte hartu dute, hala nola Austin Psych Fest, SXSW, Rock Al Parque, BBK Live eta Primavera Sound. Iaz hasi ziren azken diskoa prestatzen, 'Bestiarium' izenekoa, eta martxoan kaleratuko dute. Beste leku batzuetan dagoeneko aurkeztu dute, eta larunbatean Gasteizen txanda izango da.

The Northagirres taldea, berriz, Urretxukoa da eta 2012. urtean sortu zen. Abestietan rocka, countrya, bluesa, eta Rhythm&Blues antzematen dira. Taldea esperientzia handiko musikariek osatzen dute, aurretik beste talde batzuetan egon direlako. Lehen diskoa 2014. urtean argitaratu zuten eta handik bi urtetara bigarrena. Azken lana, 'Corte Fino' izenekoa, 2018ko udaberrian kaleratu zuten, beraz, larunbateko kontzertuan haren abestiak ere entzungai izango ditugu. Capsula taldearen kasuan bezala, zuzeneko kontzertuetan nabarmentzen dira.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos