https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Café Quijano taldea etorriko da Gasteizera maiatzaren 4an

Café Quijano taldea etorriko da Gasteizera maiatzaren 4an

Taldea «La vida no es la, la, la» izeneko bere azken lana aurkezten ari da

PAUL PICADO

Café Quijano taldea maiatzaren 4an izango dugu Gasteizen, Principal Antzokian. Taldea «La vida no es la, la, la» izeneko bere azken lana aurkezteko bira ematen ari da, eta Gasteizen ere entzuteko aukera izango dugu. Kontzertua 20:30ean hasiko da, eta sarrerak erosi nahi izanez gero, hemen egin daiteke.

Café Quijano taldea Manuel, Oscar eta Raúl anaiek osatzen dute. Denak musikariak dira eta Leonen sortu zuten taldea 1996. urtean, beraien aitarekin batera han kudeatzen duten pub musikal batean jotzen hasiz. Urte horretan, maketa bat grabatu zuten eta Leongo Emperador Antzokian aurkeztu zuten. Izan zuten arrakastari esker, Warner diskoetxearekin kontratua sinatu zuten.

Diskoetxe horrekin lau CD kaleratu zituzten, laurak arrakastatsuak, eta horrez gain, beste abeslari garrantzitsu batzuekin ere kolaboratzaile gisa aritu ziren, hala nola Ricardo Franco, Armando Manzanero, Humberto Gatica, Raphael, Joaquín Sabina edo Celine Dion.

Lehen lana, «Café Quijano» izenekoa, 1998. urtean kaleratu zuten. Horri esker, 50 kontzertu baino gehiagoko bira eman zuten Espainiatik. Hurrengo urtean bigarren diskoa atera zuten, «La Lola» izeneko singlerekin 30 herrialde baino gehiagoko irratietan lehen postuan egon zen. Harrezkero, hainbat kontzertu eman zituzten, eta Latin Grammy Awards eta Grammy Academy Awards sarietarako ere hautatu zituzten, talde berri onenaren eta rock alternatiboko bildumarik onenaren sarietarako hurrenez hurren.

2004. urtetik 2009. urtera Quijano anaiek erronka berriei ekitea erabaki zuten, eta bakoitzak bere proiektuak egin zituen. Manuelek bi disko kaleratu zituen eta bere diskoetxea sortu zuen. Oscarrek «Romeo y Julieta» telesaileko soinu-bandan parte hartu eta zenbait abesti konposatu zituen beste abeslari batzuentzat. Halaber, 2008ko Futbol Profesionaleko Ligako abesti ofiziala konposatu zuen. Azkenik, Raulek, disko bat kaleratu zuen.

2010ean berriro elkartu ziren, eta 2012an «Orígenes: El Bolero» izeneko bosgarren lana kaleratu zuten, izenak dioen moduan boleroak eginez. Azkenean, trilogia bat osatu zuten boleroekin. Azken lana, «La vida no es la, la, la» izenekoa, iaz kaleratu zuten, urrian, eta horrekin bira ematen ari dira.

Temas

Euskera