Burua txukundu
Bizitzen ari garen asteotan, itxialdian, nonbait, askok aurkitzen du antzeko jarduera denbora betetzeko: sukaldaritza, gozogintza edo etxeko txukunketak. Txisteak irakurri ditut armairuak txukuntzearen inguruan edo trastelekuak ordenatzearenean.
Ulertzen dut txukunketen kontua, jakin badakidalako askorentzat ingurua txukuntzea, gauzetan ordena jartzea, bere buruan ordena jartzearen ordezko dela. Askorentzat, gizon nahiz emakume, ingurua guztiz ordenatua edukitzea munduaren anabasari mugak jartzearen pareko da.
Eta ordezkotan jardun beharrean, zuzenean geure burua txukunduko bagenu, geure burmuina, geure gogoa garbitzeari ekingo bagenio? Bai, zailagoa da, baina baita onuragarriagoa ere. Iruditzen zait osasuntsuago dela aurreiritzi bat zaborretara botatzea, aspalditik jantzi ez dugun alkandora birziklatzea baino, aberasgarriago dela zertan ari garen pentsatu gabe errepikatzen dugun hori birpentsatzea, auzoko armairurik txukunena lortzen saiatzea baino.
Gogoan dut gure ama zenak lantokian astebeteko oporra lortu zuenetik, zazpi egun horiek etxeko garbiketa nagusia egiten ahalegintzen zela. Husten zituen armairu guztiak, ateratzen zituen bertatik niretzat altxor ziren gauzak eta gero sartzen zituen berriro, ondo ordenatuak. Han zeuden amak bere etxetik ekarritako altxorrak, amonaren harizko maindireak eta urrezko apainketak zituzten ontziak, han aitonak bere lanbidean erabiltzen zituen oihal eta tresnak.
Ez dut nik ohitura hori jaso, ez urtean behin ez hamarraldian behin ere. Baina honezkero galdua nuke arrazoimena sasoi hartan ikasitako hainbat gauza baztertu izan ez banu, gurasoengandik ikasitako guztia bere hartan gorde izan banu.
Oraintxe bertan, artikulu hau bukatu bezain laster, aurreiritzi bati antzematen ahaleginduko naiz, hemen adierazitakoa egia ote den birpentsatzen.