https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Burdinbidearen Euskal Museoak joan-etorriak eskainiko ditu lurrunezko trenetan asteburu honetan

Burdinbidearen Euskal Museoak joan-etorriak eskainiko ditu lurrunezko trenetan asteburu honetan

«Mugikortasun elektrikoak 130 urte Euskadin» erakusketa dago bertan, Euskadin 1896. urtean martxan jarritako Espainiako lehen tranbia elektrikoari erreferentzia egiten diona

UNAI SARRIUGARTE

Eusko Jaurlaritzako Sozietate Publikoa den Euskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoak joan-etorriak eskainiko ditu lurrunezko trenetan datorren asteburuan. Tren hauek Euskal Museotik, Azpeititik, Lasaorako ibilbidea egingo dute larunbatean, abuztuaren 10ean, 12:30ean eta 18:00etan eta igandean, hilaren 11an, 12:30ean.

Halaber, pasa den abuztuaren 1etik hilabete osorako programatutako lanegunetako diesel trakziozko trenak ibiltzen dihardute. Azpeitiko Burdinbidearen Museotik Lasaora joateko trenaren irteera orduak 12:30ean eta 18:00etan dira.

Museo honek hainbat motatako lurrun trenak aurkezten ditu. Bertako tren bilduma Europako hoberenen artean dago. Lurrun, diesel eta elektrikoak diren tren makinak, automotoreak eta bagoi mota ezberdinak uztartzen ditu. Horrez gain, Euskadiko makina erreminta multzo osoenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekanikoa izandakoaren bitartez eta XIX. mendearen amaieratik trenetako langileek erabilitako arropen erakusketa dago erakusgai bertan.

Bestalde, «Mugikortasun elektrikoak 130 urte Euskadin» erakusketa dago ikusgai. Euskadi mugikortasun elektrikoaren esparruan liderra izan da Espainiar estatuan. Izan ere, Euskadin jarri zen martxan Espainiako lehen tranbia elektrikoa 1896. urtean. Tren honek Bilbo eta Santurtzi bitarteko ibilbidea burutzen zuen. Era berean, lehen tren elektrikoa ere euskal lurraldean jarri zen abian, Ulia mendikoa, hain zuzen ere. Hauxe 1902an hasi zen funtzionatzen.

Euskal Museoaren arduradunek gaineratu dutenez 130 urteko ibilbidearen ondoren, interesgarria da atzera begiratzea eta Euskadiko mugikortasun elektrikoaren historia aberatsa aztertzea. Hori dela bide, Museoko kotxe tokietan banatutako 16 panel jarriko dira ikusgai erakusketan, eta abentura teknologiko honen protagonista izan diren zenbait ibilgailu ere ikusi ahal izango dira.