Borrar
Bulegoko Tom Lizarazu, Xabi Arrieta eta Ruben Lizarralde, eta Euskaraldiko kordinatzailea, Goiatz Urkijo, ostiral honetan, Landako Guneko Talaia areto nagusian. Yvonne Iturgaiz
Bulegoren 'Gure Bihotzaren Taupadak' kanta, Euskaraldiaren abesti berria

Bulegoren 'Gure Bihotzaren Taupadak' kanta, Euskaraldiaren abesti berria

«Esatetik egiterako» pausoa emateko deia egiten du, eta jendea ekintzara bultzatzea du helburu

Viernes, 6 de diciembre 2024, 14:48

Bulego taldeak 'Gure Bihotzaren Taupadak' abestia aurkeztu berri du ostiral honetan Landako Guneko Talaia areto nagusian, 2025eko maiatzaren 15etik hil bereko 25era bitartean ospatuko den Euskaraldiaren laugarren edizioaren soinu-banda izango dena. Euskaraldiko koordinatzailea Goiatz Urkijok, eta musika talde oparoaren Tomas Lizarazuk, Xabi Arrietak eta Ruben Lizarraldek parte hartu dute jendez gainezka egon ekitaldian, eta kantarekin batera bideoklipa ere erakutsi dute, lehenengoz.

Lizarazuk aurkezpenean adierazi duenez, «abesti herrikoi honen bitartez, guri hainbeste eman digun hizkuntza bati bueltan zerbait ematen ari garelaren sentsazioa daukagu», eta «esatetik egitera kontzeptuan» indarra jarri nahi izan du, euskara mahai gainean jartzeko «ekimenak eta abestiak inportanteak direlako, baina are gehiago norbanakoaren ardura».

Halaber, Bulegoko abeslariak kantaren eta prozesuaren berri eman du, baita azpimarratu ere taldea sortu zenetik euskararekiko izan duten harreman estua,«euskara hutsean sortzen eta abesten duen proiektu bat izanik, gure nortasunaren bereizgarri garrantzitsuenetako bat baita hizkuntza bera».

Zalantzarik gabe, musikari azkoitiarrek Euskal Herrian jarduteaz gain, atzerrian ere euskaraz abestuta bidea egitea posible dela erakutsi dute, eta, diotenez, kanporako joera honek euskararen garrantzia berretsi du taldearengan. «Uste guztien kontra ikusi dugu gure hizkuntza dela atzerrira joaten garenean beste talde batzuen aurrean bereizten gaituen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, eta horrek ateak irekitzen dizkigula, esan du.

Ildo horretan, argi dauka pixkanaka «euskara Bulegoren nortasunean errotzen» joan dela, eta,hori dela eta, Euskaraldiko kideak taldearekin harremanetan jarri zirenean ez zuten «bi aldiz pentsatu beharrik izan baiezkoa emateko». Izan ere, jendartean izan dezaketen eragina euskararen alde baliatzea euren ardura ere badela uste du.

Ariketaren helburuekin bat eginez

Abestiari dagokionez, pop talde ospetsuko kideek sorkuntzak «lanketa handia eskatu» diela aitortu dute. «Elkarrizketa eta irakurketa asko egin ditugu Euskaraldiaren bueltan, ariketaren mezu eta helburuekin bat egiten zuen lan bat egin nahi genuelako, baita euskararen egoera hobetzeko bidean abesti honek ekarpen bat egitea ere».

Eta bitxikeri moduan aipatu dute abestiaren erdialdetik aurrera, Lizarazuren ahotsaz gain Euskaraldiko hainbat batzordekideen ahotsak batzen direla, koruak eginez. «Oso momentu ederra izan da estudioan Euskaltzaleen Topaguneko eta Euskaraldiko kideak abestian beraien alea jartzen ikustea», diote.

Amaitzeko, Euskaraldiko koordinazioko kideek gogorarazi dute herrien izen ematea irekita dagoela, Euskaraldia euren herrietan antolatu nahi dutenek izena eman dezaten eta baliabideak jaso ditzaten. Eta, gainera, Euskaraldian parte hartu nahi duten entitateek ere izena emateko aukera dute jada Euskaraldiko webgunean: euskaraldia.eus Belarriprest eta ahobizien txanda, berriz, martxoan izango da. Ordura arte, dena den, goza dezagun Euskaraldiaren kantu berriaz!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Bulegoren 'Gure Bihotzaren Taupadak' kanta, Euskaraldiaren abesti berria