Bulego taldearen zuzenekoak ireki ditu Ahotseneako ateak
Azkoitiarrek 'Oraina erdian' lana aurkeztu zuten larunbatean Durangoko Azokan, aforoa beteta eta giro ezin hobean
NAHIKARI CAYADO
DURANGO
Larunbata, 4 abendua 2021
Ilusioz, gogotsu, zirraratuta, irrikatzen… Bulegoko ahotsa eta gitarra jolea den Tomas Lizarasuk ezin ditu eskuko atzamarrekin zenbatu egun hauetan sentitzen dituen emozioak. Txikitatik etorri izan da Durangoko Azokara musikazale bezala, baina aurten, lehenengoz, artista moduan egin du kulturaren plazara bisita. Bulegok stand propioa dauka Landako Gunean eta ‘Oraina erdian’ izeneko diskoa aurkeztu zuen larunbatean Ahotsenean. “Ume txiki bat bezala nabil, pozez beteta. Ohore bat da niretzako eta baita taldekideentzako hemen izatea”, adierazi zuen kantariak.
Durangoko Plateruenako aforoa beteta zegoen goizeko hamaiketan ‘Bulego’ taldea zuzenean ikusteko. Durangoko Azokako 56. edizioko lehenengo zuzenekoa izan zen, eta publikoa ere haiek ikusteko irrikatzen zegoen atarian, sartu aurretik. Ordu erdiko emanaldian argi geratu zen: Azkoitiarrak modan daude eta gazteen talderik gogokoenetako bat da. Publikoaren oihuak entzun besterik ez zegoen hori horrela dela jakiteko. Abesti guztiak kantatu zituzten, segurtasun neurri guztiak errespetatu ziren giro ezin hobean.
Tomas Lizarasurekin batera Itziar Beitia eta Ruben Lizarralde igo ziren eszenatokira, teklekin eta gitarrarekin, hurrenez hurren. “Formatu txikiko zuzenekoa izanik, Ahotseneako espaziora egokitu behar izan gara. Kantuak, orokorrean, oso jantzita egoten dira kontzertuetan, baina oraingoan letrari eta melodiei eman diegu atentzio gehiago. Kantuak biluztuz”, adierazi zuen Bulegoko abeslariak eszenatokira igo baino lehen. Izan ere, taldean bost kide dira guztira Xabi Arrieta bateria jolearekin eta Jontxu Ape baxu jolearekin batera.
Bere estreinako diskoak, 'Erdian Oraina’k, ‘Pizten ari da’ eta ‘Bueltan da!!!’ bezalako aurrerapenak batzen ditu. Kantu horiek Gaztea euskal irratiko zerrendako lehenengo postua lortu izan dute, Radio 3 irratian entzun izan dira eta Jenesaispop aldizkariaren playlistetan sartu dituzte ere. Urte eta erdi besterik ez daukan talde batentzako, ez dira datu makalak. Zein ote da Bulegok daukan arrakastarekiko formula? Bada, Lizarasuk eta bere taldekideek argi daukate: egiten dutena mimoz egitea. “Lan asko egiten dugu eta egiten dugunari gogo asko jartzen diogu, ez dago besterik”, adierazi zuen kantariak. Izaten ari diren arrakastaren jakitun, “oso eskertuta” agertu zen. “Benetan oso pozik gaude publikoa izaten ari den harreragatik”, gaineratu zuen.
Bulegok “momentuaz gozatzeaz” hitz egiten du pop doinuak batzen dituen disko kontzeptual horretan, momentua erdian jarriz, bere izenburuak dioen bezala, ‘Erdian Oraina’. Egun guzti hauetan eta Azoka amaitu arte, azkoitiarrak beraien stand propioan izango dira diskoa saltzen eta hurbiltzen diren zaletuak agurtzen. “Emozioz beterik gaude, gure aurpegia karteletan ikusteak oraindik harritu egiten gaitu, eta baita diskoa eskuen artean izateak ere”, aitortu zuen Lizarasuk. Izan ere, hainbeste urtetan bisitari moduan egon ondoren, erakusmahaiaren beste aldean kokatzea tokatu zaio oraingoan.
Hitzordua aurretiaz
Bulegoren lorpen zerrenda luzeari jarraituz, aipatzekoa da albumaren birak hasiera emango diola datorren abenduaren 26an Donostiako Tabakaleran. Zuzeneko hori 360 graduko esperientzia bat izango da. Hau da, eszenatokia publikoaren erdian kokatuko da, publikoak ahalik eta angelu guztietatik inguratzen dituen bitartean.
Azkoitiako talde horren antzera, guztira 50 bat musika talde izango dira Plateruenako oholtzatik igaroko direnak, egun bakoitzean hamar. Guztiek ordu erdiko tartea izango dute euren lan berriak aurkezteko. Bertaratzeko aurretiazko hitzordua hartu beharko da derrigorrez 'www.durangokoazoka.eus'en. Eta Durangora joaterik ez baduzu lasai. Ikuskizun guztiak streaming bidez eskainiko dira zuzenean aipatutako webgunean.