https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bularreko minbizia tratatzeko balio dezaketen egitura berriak identifikatu dituzte

Bularreko minbizia tratatzeko balio dezaketen egitura berriak identifikatu dituzte
Fotolia.

Ikerbasque, Biodonostia, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoko ikertzaileek gaixotasun honen kontrako borrokan ekarpena egin berri dute

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Espainia mailan, bularreko minbiziaren 26.000 kasu inguru diagnostikatzen dira urtero (minbizia duten emakumeen %28,5). Tumorerik ohikoena da emakumeen artean, herri garatuetan zein garapen bidean daudenetan, eta beraz, gaitz honekin amaitzeko edozein aurkikuntza aurrerapauso izugarritzat hartzen da. Ikerbasque, Biodonostia eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileek, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoekin batera, gaixotasun honen kontrako borrokan ekarpena egin berri dute. Kide desberdinak dituen diziplina anitzeko taldeak orain arte ezezagunak ziren egitura proteiko berriak karakterizatu dituzte -HER2 eta CB2R errezeptoreen arteko heteromeroak-. Horiei esker, bularreko tumoredun pazienteen pronostikoa zehaztu ahal izango da. Hau da, tumoreen agresibitate maila hobeto ezagutu ahal izango dute interesdunek, jaso beharreko tratamenduaren intentsitatea erabaki ahal izateko.

Ikerbasqueko iturriek jakinarazi dutenez, aurkikuntza honek HER2-positiboaren azpimotako bularreko minbiziaren diana terapeutiko berria deskribatu du, eta horrek helburu berri bat ezarriko luke tumore mota horri eraso egiteko, kannabinoideen bitartez nahiz heteromero horiek hauts ditzaketen bestelako farmakoen laguntzaz. Izan ere, ikerketa taldeak egindako aldez aurreko ikerlanek frogatuta utzi dute kannabinoideek (marihuanaren osagai aktiboek), CB2R errezeptorearen aktibazioaren bitartez, tumoreen aurkako efektuak eragiten dituztela bularreko minbiziaren hainbat eredu zelularretan zein animalia eredutan.

Baina zer da HER2 onkogenea? 'Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) USA' aldizkarian argitaratu dutenaren arabera, bularreko minbiziaren azpimota jakin baten ezaugarria da. Hala ere, nahiz eta diagnostiko hau egina duten paziente gehienak HER2aren aurkako tratamenduez profitatzen diren, egia da batzuek ez dietela behar bezala erantzuten terapia hauei eta beste batzuek erresistentzia garatzen dutela denboraren poderioz. Ondorioz, tresna berriak behar dira paziente hauen tratamendurako, eta baita ere egungo tratamenduekiko berezko erresistentzia garatzeko arrisku handiagoa dutenen identifikazio goiztiarrerako.

Pronostikoak egiteko tresna

Lan honetan, HER2aren eta CB2Raren arteko interakzio fisikoa deskribatu eta konplexu horien funtzionaltasuna aztertu dute ikertzaileek. Batetik, zenbait giza laginen azterketaren harira, bularreko minbizian, HER2-CB2R heteromeroen espresioa pazienteei egindako pronostiko txarrarekin lotuta dagoela ondoriozta daiteke.

Bestetik, hurbilketa esperimental horiei esker, argi frogatu ahal izan da heteromero hauek tetrahidrokannabinola (THC) deritzon kannabinoidearen aplikazioaz hausteak tumoreen aurkako erantzunak sortzen dituela, HER2aren inaktibazioa eta degradazioa eraginez eta heriotzaren zantzuak aktibatuz CB2Raren bitartez.

Emaitza horien arabera, HER2-CB2R errezeptoreen heterometroak pronostikoak egiteko tresnatzat eta HER2-positiboa duen bularreko minbiziaren tratamendurako diana terapeutikotzat erabil daitezke.

Temas

Euskera